argia.eus
INPRIMATU
Pandemiaren ostean klimarekin zer? Kutsatzeko bidea libre utzi dio Trumpek AEBetako industriari
  • Koronabirusari aurre egiteko itxialdiek NO2 mailak izugarri jaitsi dituzte munduko hainbat tokitan; baina pandemiak badu txanponaren beste alde bat, eta AEBak dira horren erakusgarri: Trumpek bertan behera utzi ditu ingurumena babesteko neurri ugari, krisi ekonomikoaren lehen zantzuak aprobetxatuz.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko apirilaren 03a

Etengabe errepikatzen ari dira hirietako airea garbiagoa dela auto gutxiago dabilelako gure kaleetan. Ecologistas en Acción taldeak ikerketa bat egin du (pdf) Espainiako Estatuan hori egiaztatuz, eta euskal hiriburuei dagokienez ere datu argigarriak dira: Gasteizen %54 egin du behera nitrogeno dioxidoaren kopuruak, Iruñean %49, Donostian %41 eta Bilbon %40. Talde honek azaldu duenez, horrek erakusten du trafikoaren gutxitzea dela "erreminta hoberena hirietako airearen kutsadura gelditzeko", osasun arazo askoren iturburu bidenabar.

Baina adituek ohartarazi dute kutsaduraren jaitsiera hori behin-behinekoa dela, NO2 kopuruak oso aldakorrak baitira atmosferan, eta ikerketa gehiago egin behar direla ondorio garbi bat ateratzeko. Are gehiago, beldur dira pandemiaren ostean ez ote den gizakiren jarduera klimari kalte gehiago egitera bideratuko, CO2 gehiago isuriz, 2008ko krisiarekin gertatu bezala.

Zentzu horretan, Glasgowen egin behar zen COP26 gailurra 2021era atzeratzea "albiste txarra" dela dio komunitate zientifikoak, Parisen harturiko akordioak ez direlako beteko eta kutsadura gutxitzeko NBEren agenda ere atzeratu egingo delako. Bistakoa da Erresuma Batuari oso ondo etorri zaiola atzerapen hori: alde batetik, herrialde hartako eztabaida politikoak gailurra kinkan jarri zuelako lehendik ere; bestetik, Boris Johnson lehen ministroaren jarrera aldaketa klimarekiko –bere herrialdea deskarbonizazioaren txapeldun bihurtu nahi du orain– mesfidantzaz hartu izan delako beti.

Trumpek kutsadura saihesteko legeen ezarpena bertan behera utzi du. Hau da, praktikan, ibaietan edo itsasoan gai toxikoak isurtzen dituzten enpresek ez dute isunik jasoko horrengatik, ez eta airera CO2 gehiago isurtzeagatik ere

Koronabirusa jadanik ari da krisi ekonomikoa eragiten, azken egunotan ezagutu ditugun langabezia datuak oso kezkagarriak dira: Euskal Herrian inoizko martxorik okerrena izan da eta 14.000 lagunetik gora geratu dira lanik gabe. Baina beste toki batzuetan ere antzekoa gertatzen ari da, AEBetan, esaterako hamar milioi lagunek eskatu dute langabezia-saria. Eta krisiaren lehen zantzu horiek aprobetxatzen ari dira hainbat tokitan ingurumenaren babeserako neurri eta arauak malgutzeko.

Trumpek ez du aukera galdu

Munduko potentzia ekonomiko nagusienean, AEBetan, Donald Trump presidenteak uraren eta airearen kutsadura saihesteko legeen ezarpena bertan behera utzi du. Hau da, praktikan, ibaietan edo itsasoan gai toxikoak isurtzen dituzten enpresek ez dute isunik jasoko horrengatik, ez eta airera CO2 gehiago isurtzeagatik ere.

Horrez gain, aurreko exekutiboan, Obamaren gobernuak ezarritako ibilgailuen erregaiaren efizientzia estandarrak ere bertan behera geratu dira. Autogintza sektoreak beraz, gehiago kutsatu ahal izango du baita ere.

"Funtsean, industriari bidea libre utzi diote Covid-19 krisiak iraun bitartean nahi duena egin eta desegiteko; horren ondorioa da kutsadura handitu egingo dela", azaldu diote El Periodico de Cantalunya-ko korrespontsala den Ricardo Mir de Francia kazetariari hango Ingurumena Babesteko Agentziako iturriek.

AEBak dira munduan gehien kutsatzen duen bigarren herrialdea, lehena Txina da. Azkeneko honek, koronabirusak eragindako geldialdi ekonomikotik ateratzeko ikatz planta gehiago eraikiko dituela iragarri du jadanik. Bien artean munduko CO2aren %40 isurtzen dute.