argia.eus
INPRIMATU
Hauteskunde erregionalak Italian
Eskuin muturrak irabaz lezake Toscanan, pandemiak eragindako abstentzioaren eta ezkerraren zatiketaren ondorioz
  • Hauteskunde erregionalak egingo dituzte igande eta astelehenean Italiako zenbait lurraldetan. Inkesten arabera pandemiak abstentzioa indartuko du eta honek zuzeneko eragina izan dezake Toscanan eskuin muturreko Lega alderdiaren mesedetan.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2020ko irailaren 18a
Toscana Media News.

Ezkerrak hauteskundeak gal litzake Toscanan. Leonardo da Vinciren eta Errenazimenduaren lurralde, 1970. urtean lehen hauteskunde erregionalak egin zituztenetik beti irabazi izan du ezkerrak. Pandemiak sor lezakeen abstentzioak eta ezkerraren zatiketak Susanna Ceccardi ultraeskuindarraren alde joka dezakete.

Abstentzioa da zentro-ezkerrak hauteskundeak galtzeko duen beldur nagusia. Azken hauteskundeetako analisi ugarik argi diote, PD Alderdi Demokratikoaren hautesleriaren zati nabarmena adinekoa da. Zaharragoak diren boto-emaile progresistak etxean geratzeak Ceccardiren balizko garaipena posible egiten dute.

Alderdi Demokratikoak eta zentro-ezkerrak hautesleria hori mobilizatzeko lanean dihardu. Asteartean Claudio Bozzak Corriere della Sera-n aipatu bezala, milaka telefono deiren bidez bere oinarriak mobilizatu nahian dabiltza Gianiren jarraitzaleak. Hautesleei bozkatzera joan daitezen animatzeaz gain, segurtasun neurri egokiagoetan bozka emateko igandean joan beharrean astelehenean bozkatzera joateko gomendatzen ari dira. Norabide horretan CGIL sindikatuko zenbait militantek beren burua eskaini dute ezindu eta arazo fisikoak dituzten herritarrei bozka ematera laguntzeko.

Lega indartsu
2008tik ona COVID-19-rekin areagotu den krisiak jipoitutako zenbait zonaldetan bilatu nahi du eskuinak garaipena emango liokeen haserrearen bozka

Zentro-ezkerreko Eugenio Giani hautagaiak ordezkatzen ez duen freskotasun eta gaztetasuna du Susanna Ceccardi legistak. Italiako ultraeskuinaren diskurtso populistei jarraiki, kanpainan zehar Giani erregimen politiko zaharkituaren sinbolo dela salatzen eta gobernu erregionalak COVID19-aren aurrean egindako kudeaketa kritikatzen jardun du Ceccardik. 2008tik ona COVID19-rekin areagotu den krisiak jipoitutako zenbait zonaldetan bilatu nahi du eskuinak garaipena emango liokeen haserrearen bozka.

Ezkerraren zatiketa

Abstentzioaz harago 90eko hamarkadatik ezkerrean existitzen den zatiketa historikoak bere horretan dirau. Gizarteko sektore aurrerakoi askoren eta maiz murrizketetan oinarritutako politika liberak aurrera eraman dituen Alderdi Demokratikoaren artean urruntze handia gertatu da. Urruntze hori indartsuagoa da tradizio komunistaren gotorleku izan diren Toscana bezalako lurraldeetan.

Alderdi demokratikoaren ezkerrera kokatzen diren zenbait mugimenduk hautagaitza propioak aurkeztu dituzte. Daniel Verdúk El País-en dioenez Livornoko Lenny Botay militante antifaxista eta boxeolari ezagunak Salvatore Catelloren hautagaitza komunista babestu du. Ikusteke dago zein punturaino eragin diezaioken zatiketak Gianiren hautagaitzari.

Veneto

Analisi guztien arabera, agintean den eskuineko hautagai Luca Zaia legistak erraz irabaziko ditu hauteskundeak. Dolomita eta Adriatikoaren artean, pandemiak gogorren kolpaturiko lurraldea da Veneto. Zaiak COVID19-aren aurrean erakutsitako kudeaketarako ahalmenak hainbat lekuetan ez bezala indartu egin du boterean dagoen eskuineko koalizioa. Inkestetan bigarren ageri den zentro ezkerreko Arturo Lorenzoni-k apenas du aukerarik.

Liguria
Zaharragoak diren boto-emaile progresistak etxean geratzeak Ceccardiren garaipen hipotetiko bat ahalbidetu dezakete Toscanan

Ohikoa ez dena posible da Ligurian, bertan M5S Bost Izar Mugimenduak eta zentro-ezkerrak hautagai bateratua aurkeztu dute, Ferrucio Sansa Il Fatto Quotidiano-ko kazetaria. Ordea inkesta ugariren arabera eskuinak jarraituko du boterean. Egungo presidente den Giovanni Totik Genovako Giovanni Morandi zubi sinbolikoa berreraikitzeak asko indartu du elektoralki.

Campania

Hegoaldeko lurralderik garrantzitsuenean, Veneton gertatu den antzera, boterean dagoen alderdia indartu egin da pandemiaren etorrerarekin. Zentro ezkerreko Vicenzo De Lucak COVID19-aren aurrean eginiko kudeaketa zorrotzak bere isla izan du inkesta guztietan, gehienek 20 puntuko abantailarekin irabaziko duela aurreikusten dute. Nabarmendu baita ere Legak lurraldean sartzeko egin dituen saiakera guztien ostean botoen %3 jasotzea espero dela. M5S Bost Izar Mugimendua bozken %16arekin geratuko litzateke.

Apulia

Italiako takoian ere lehia gogorra espero da gobernuan den zentroko hautagaitzaren eta eskuinaren artean, inkesten arabera lehenak %1,2 ko aldea ateratzen dio bigarrenari. M5S Bost Izar Mugimenduaren emaitzek erabat baldintzatuko dute bata edo bestearen garaipena.