Elikadura-jokabideen nahasmenduak izan dira arta psikologikoa jasotzeko lehen arrazoia gazteen artean. 2020an baino %153,33 kasu gehiago egon dira Bizkaian. Gazte atzerritarrei eta dibertsitate funtzionala dutenei eragin die bereziki pandemiak.
Basurtuko Unibertsitate Ospitalean (BUO) arreta psikologikoa jaso duten nerabeen kopurua %50 hazi da 2019ko eta 2021eko lehen bost hilabeteetan. Arantza Fernández Rivas Haur eta Gazteen Psikiatria Ataleko buruak eta Ángel González Torres Psikiatria Zerbitzuko buruak jakinarazi dituzte datuok Nerabeen adimen-osasunari buruzko txostenean.
Datuen arabera, pandemia hasiz geroztik, elikadura-jokabideen nahasmenduak izan dira nerabeek arta psikologikoa jasotzeko “lehen gertaera klinikoa”. 2020ko martxoan hasi zen gorakada, eta “pandemia uhinen arabera” joan da handituz. Anorexia nerbiosoa izan da elikadura nahasmen ohikoena —batez ere, nesken artean—. Bizkaian, %153,33 hazi dira gaitza pairatzen duten nerabeen kasuak, 2020ko datuekin alderatuta. Baina aurtengo egoera ere larria dela nabarmendu dute adituek: pazienteek desnutrizio larria izaten dute, eta luzaroan egon behar dute zaintzapean. Ondorioz, “gainezka daude nerabeen ospitaleratze psikiatrikorako unitateak”.
Trauma osteko antsietate sintomak sufritzen dituzten gazteen kasuak ere hazi egin dira pandemiaren ondorioz: 2020an baino %100 kasu gehiago egon dira. Bestalde, ideia edo jokabide suizida edo autolitikoengatik ospitaleratutako nerabeak gehiago izan dira, 2020ko udazkenaz geroztik. Txostenean argitu dutenez, “gorakada hori ere Mendebalde osoan gertatu da, beste pandemia kolateral bat osatuta”.
Fernández Rivasek eta González Torresek egoera horren eragile diren hainbat faktore aipatu dituzte. Pandemiak errotik eten ditu nerabeek kideekiko zituzten harreman sozialak, eta ondorioz, “bertan behera gelditu da beren heltze-prozesuaren ardatz nagusia”. Era berean, askotan, familia eta ingurukoen egoera psikologikoa ere ez da osasungarria izan, eta koronabirusak eragindako galerek —”ahaideren bat hil edo gaixotu zelako, adiskideak edo ahaideak ezin genitzakeelako ez ikusi, ez bisitatu...”— zaildu egin dute egoera.
“Nerabe askori begitandu zitzaien hori ez zela bizimodua, eta egoera hori ez zela inoiz amaituko”. Beraz, zenbaitek ez dute laguntzarik eskatu, eta hala egin badute ere, eskura izan dituzten bitartekoak ez dira onenak izan. Txostenean nabarmendu dutenez, arreta murriztu egin da, eta medikuekin telefono bidez hitz egin behar izateak eragin negatiboak izan ditu bereziki nerabeen artean, hauek zuzeneko harremanak behar dituztelako profesionalekin “konfiantza-lotura ezartzeko”.
BUOren txostena osatzeko, beste hainbat lan bildu ditu Eusko Jaurlaritzak Gazteak eta pandemia. Adituen begiradak izeneko ikerketan. Azaldu dutenez, pandemia gizarte osoak pairatu badu ere, gazteei “modu espezifikoan” eragin die egoerak. Baina talde honen barruan, beste hainbat kolektibo zaurgarri bereiztu dituzte: gazte atzerritarrak eta dibertsitate funtzionala dutenak kasu.
Nerabe atzerritarrei dagokienez, gurasoen laguntzarik ez duten gazteen kasua nabarmendu dute. Pandemiaren eraginez, beren integrazio prozesua zaildu egin dela azaldu dute, “beste gazte batzuekin egoteko eta euskaraz edota gaztelania ikasi eta aritzeko aukerak oso urriak” izan direlako. Horrek inklusiorako bideak moteldu, atzeratu edo eten egin ditu.
Amesten elkartearen arabera (Bizkaian aniztasun funtzionala duten pertsonak gizarteratzearen alde lan egiten duen elkartea), aniztasun funtzionala duten nerabeek ere larritasun gehiagoz pairatu dituzte pandemiaren eraginak. Beren premietara egokitutako informaziorik ez izateak aldaketetara egokitzea zaildu die. Ez dute berdinen arteko babes-sarerik izan, eta bakartze sozial handiagoa sufritu dute. Gainera, aisialdi-jardueretan eta komunitateak parte hartzeko ekintzetan ez dute gizarte-inklusiorik izan.
Jaurlaritzaren txostenean nabarmendu dutenez, gazte askori ezinezkoa egin zaio klaseak modu birtualean jarraitzea, beren ikasketen nolakotasunak (sukaldaritza klaseak aipatzen dituzte) modu presentzialean gara daitezen eskatzen baitu. Beste zenbaitek, berriz, ikasketa denbora luzatu egin behar izan du, pandemia garaian praktika egokiak (presentzialtasunarekin) lortzeko ezintasunagatik.
Sozializatzeko aukerek bira eman dute eremu horretan. “Sozializazioaren kantitatea ez da murriztu, baina bai haren kalitatea: burbuila taldeetan batu dira unibertsitatearen, kontserbatorioaren edo eskolaren espazio partekatu/ bereizian”, adierazi du Fernando Bayón Martínek, Aisiako Ikaskuntzen Institutuko zuzendari eta Ikerketa eta Doktoretzako dekanordeak Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea Deustuko Unibertsitatean. Halere, nabarmendu du aisialdiko espazio dibergenteetan (sarean, bereziki), burbuila horiek lehertzeko bidea aurkitu dutela gazteek. “Ermitau digitalen” kate bitxi eta autogestionatuak sortu dituzte.