"Azken txanpan" sarturik, arrisku taldeak txertatu, aldagai berriak kontrolatu eta osasun sistemak hobetu behar direla dio MOE erakundeak.
"Oraindik ez gara iritsi, baina pandemiaren amaiera begi bistan dago", adierazi du Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundearen (MOE) zuzendari nagusiak. COVID-19 epidemiaren hastapenaz geroztik, hau da, 2020ko martxotik izandako heriotza kopuru ttipiena erregistratu zuten joan den astean.
Bukaerara heltzeko, arrisku taldeen txertaketa, aldagai berrien kontrola eta osasun sistemen hobetzea ezinbestekotzat jo ditu Tedros Adhanom Ghebreyesusek. Horrez gain, herrien arteko harremanetan, frogak eta zaintza neurriak garrantzitsutzat dauzka oraindik ere.
Paraleloki, COVID-19aren kudeaketari buruzko txostena plazaratu du The Lancet aldizkariak eta ondorioak zabaldu dira nazioarteko komunikabideetan: "desinformazioak" eta "herrialdeen arteko lankidetza ezak" egoera zaildu dute. Astiroegi jardun izana eta pertsona zaurgarriak behar bezala zaindu ez izana deitoratzen dituzte txostenean, zehaztuz heriotza asko saihesten ahalko zirela. Txostenaren egileen arabera, MOEk COVID-19a berandu izendatu zuen pandemia, eta berandu aitortu zuen birusa aire bidez kutsatzen zela.
Munduko 28 adituren iritziak eta analisiak jaso dituzte txostena egiteko.