argia.eus
INPRIMATU
Pandemiaren arrasto beltza herrialde txiroetan
  • Txertoen banaketa bidegabeak, milaka umeren hezkuntza eskubidea mugatzeak, prekarietatearen areagotzeak edota pandemiaren aitzakian egiten diren giza eskubideen urraketak herrialde zaurgarrietan ondorio larriak uzten ari direla gogoratu dute EAEko Gobernuz Kanpoko Erakundeek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko martxoaren 23a

Pandemia pobreziaren eta bazterkeriaren eragile izaten ari da, eta pertsona askoren bizimodua, lehendik oso ahula zena, are larriago bihurtu da, hala nola Afrika, Asia eta Erdialdeko zein Hegoaldeko Amerikako herrialdeetan. Urtebete egin duen pandemiaren balantzetik ondorio hori atera du Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak, Urtebeteko pandemiaren eragina euskal lankidetza lanean ari den herrialde kalteberetan txostenean.

Hamarkadatan pobrezia eta bazterkeria gainditzeko eta giza eskubideen alde lortutako aurrerapenak arriskuan jarri ditu larrialdi honek, ohartarazi dute GKEek.

Txertoen banaketa bidegabea jarri dute mahai gainean. “Herrialde aberastuek etorkizuneko horniketa ziurtatzeko dosiak pilatzen dituzte eta gainerako herrialdeentzat ez dago bermatuta eskuratzea. Pandemiari amaiera emateko ezin ditugu txertatu herrialde batzuetako pertsona batzuk bakarrik”.

Konfinamenduak, murrizketek eta nekazaritzako produktuak saltzeko tokiko azoken faltak ere etxe askotako ekonomia familiar eta informaletan eragin handia izan duela gogoratu dute, baita pandemiak milaka umeren hezkuntza-eskubidea mugatu duela ere: “Herrialde askotan, ikastetxeak ixteak bazterkeria areagotzen du, baita umeak lan egitera bultzatu ere”.

Genero desberdinkeriak eta indarkeria matxista areagotu direla azpimarratu dute, eta emakumeen egoera bereziki prekarizatu dela, “konfinamenduagatik eta emakumeek bete ohi dituzten enpleguen galeragatik”.

Gatazkan diren lurraldeetan ere zentratu dira GKEak, bertan egoera larriago bihurtu baitu pandemiak, Gazan edo Sirian kasu. “Zenbait lekutan, osasun-larrialdia aitzakia gisa erabiltzen ari dira baliabide naturalez indarrez jabetzeko, askatasunak eta eskubideak murrizteko eta giza eskubideen defendatzaileak jazartzeko”.

GKEn lanari esker, egoera hauek guztiak “nolabait samurtzen” ari direla diote. Elikagaiak, ura eta gairik beharrezkoenak banatu dituzte lanean ari diren herrialdetan, baita osasun-materiala, ekipamenduak, sendagaiak eta tratamenduak ere ospitale eta osasun-zentroetan, eta besteak beste baliabide teknikoak jartzen lagundu dute, ume askoren hezkuntza bertan behera gera ez zedin.

Eskaera zehatzak administrazioari

Lankidetza-politikak blindatzeko eskatu diete erakundeei GKEek, egiten duten lana indartzeko. Proposamen zehatzak ere egin dituzte, hala nola zerbitzu publikoak sendotzea eta haietan inbertitzea; COVID-19aren aurkako txertoa, sendagaiak eta tratamenduak herritar guztiek doan eskuratzeko aukera bermatzea; zaintza-lanen balioespena sustatzea; enplegua galdu dutenei laguntzea; justizia soziala eta trantsizio ekologikoa lehenestea ekonomiaren suspertzean; pertsona guztien askatasunak eta eskubideak bermatzea; eta politika publiko guztietan genero-ikuspegia jasotzen dela ziurtatzea.