argia.eus
INPRIMATU
Pandemiaren aitzakian Iruñeko kartzelako presoek isolatuta jarraitzen dutela salatu dute
  • Pandemiari lotutako neurriak kentzen edo arintzen ari diren honetan, Iruñeko kartzelan COVID-19agatik ezarritako murrizketak mantentzen direla kritikatu du Salhaketa kolektiboak. Hala nola, irteteko baimena duten presoek bueltan berrogeialdia egin beharra edo bisean bisak galarazita egotea.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 19a

Hainbat adibide eman ditu Salhaketa kolektiboak. Espetxetik ateratzeko baimena duten presoek bueltan berrogeialdia egin behar dute, eta horrek esan nahi du “eguneko 24 orduak bakarrik egotea, inongo pertsonarekin kontakturik izan gabe, lau pareten artean itxita”, alegia “isolamendua erabatekoa, osasun neurri moduan ezarria”.

Halaber, bisean bisik edo aurrez aurrekorik egin ezin izatea ulertezina da Salhaketarentzat, eta presoei aurrez aurreko komunikazio hori galaraztea zein kaltegarria den azpimarratu du.

Espetxeko osasun eskumena Nafarroako Gobernuak du

Horrela ia bi urte daramatzatela gogoratu du kolektiboak, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio pandemiari lotuta Nafarroako gainerako herritarrei aplikatzen zaizkien neurriak aplikatu ditzala presoekin ere, joan den abuztutik foru gobernuak baitu Iruñeko espetxearen osasun eskuduntza.

“Iruñeko kartzelan preso diren pertsonen eta horien senide eta gertukoen eskubideak errespetatzea eskatzen dugu”.