“Covid-19a aitzakiatzat erabili da ikastetxeetan modu arbitrarioan hartutako erabakiak eta jarrera despotikoak justifikatzeko, pandemiaren ondorio natural gisa azaleratuz”, salatu du Ikasle Autodefentsa Sareak. Oinarrizko eskubideen urraketek eta autoritarismoak gora egin dutela diote, “ikasgeletan osasun bermerik ez dugun bitartean”. Mobilizatzeko deia egin dute martxoaren 25erako.
Autoritarismoa salatu eta “hezkuntzaren egoera tamalgarria” kritikatzeko, martxoaren 25ean kaleak hartzeko deia egin diete Hego Euskal Herriko ikasleei. Hiru aldarrikapen nagusi dituzte: ikasleak autonomia izatea ikasketa prozesua kudeatzeko; ikasleak subjektu politiko gisa aitortzea (eta beraz eskubidea izatea sindikatzeko, hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzeko eta abar); eta kontrol sozialerako baliabide errepresiboak bertan behera uztea.
Abenduaren 8an abiatu zuten autoritarismoaren aurkako dinamika, eta borroka hori hainbat ikastetxetan garatu dutela diote, baina ez dela amaitu.
Geratzeko etorri diren neurriak
Ikasle Autodefentsa Sareko kideak ARGIAn elkarrizketatu genituenean ere, kezka agertu zuten eskoletako autoritarismoarekiko: “Esaten digute ikasle kritikoak hezi nahi dituztela, baina ideia hori praktikara eramaten dugunean dena dira arazoak eta aitzakiak. Hartzen ari diren neurriak geratzeko datoz eta pandemia aprobetxatzen ari dira ikasleak are kontrolatuago eta otzanago izateko”.