argia.eus
INPRIMATU
Pandemiarekin, kapitalistak sozial-komunista bihurtzen ari ote?
  • Hain larriki jasaten ari garen pandemiak lezio asko utziko dizkigu arlo guztietan: soziala, ekonomikoa, politikoa, sanitarioa, zientifikoa, ikertzailea, solidarioa… Zalantzarik gabe. Hala ere, argi eta garbi esan dezakegu, egunez egun ikusten dugulako, koronabirusa oraingo neoliberalak –betiko kapitalistak– bihurtzen ari dela sozial-komunista sutsuenak balira bezala.

Juan Mari Arregi 2020ko apirilaren 09a

Osasuna, menpekotasuna, energia, hezkuntza eta abar pribatizatu eta negozio handiak eginez Estatua argaltzeaz arduratu zirenak, gaizki emanda datozenean –egungo izurri hau bezala–, sozial-komunista eta interbentzionista handienak dira orain. Baina irabaziak pribatizatu eta galerak edo horien murrizketa beti sozializatu dituzten berberak dira. Aurreko krisian ere gertatu zen hori, bankuak diru-kutxa publikoetako 60.000 milioi eurorekin erreskatatu zituztenean.

Hor dago Donald Trump, Estatuak esku-hartzearen alde eginez; New Yorkeko gobernadorea, enpresen nazionalizazioa eskatuz; NDF, osasun sektoreak baliabide publiko nahikoak izan ditzan eskatuz; Luis De Guindos, EBZko presidenteordea eta PPko ministro ohia, "larrialdirako gutxieneko errenta" baten alde eginez; eskuineko alderdia ugari, hauek ere estatuaren esku-hartze handiagoa eskatuz; enpresari eta patronal handiak, kaleratzeak planteatzen dituzten bitartean laguntza publikoak eskatuz…

Lotsa, amorrua eta haien kontra borrokatzeko gogoa ematen du honek. Estatu-interbentzionismoaren aldeko adierazpenak egiten ari baitira, noiz eta enpresa pribatuekin gizendu direnenean; osasun publikoa desegin dutenean; zaharren egoitzak negozio handi bihurtu dituztenean; milioiak eta milioiak inbertitu dituztenean armen fabrikazioan eta gizartearen aurkako AHT eta antzeko proiektuetan; eta hemen maskarak, arnasgailuak eta era guztietako babeserako materialak fabrikatzeaz "ahaztu" direnean.

Izurri hau pasatzen denean, euren talaia kapitalistetatik itzuliko dira, Davoseko neguko bainuetxera igoko dira eta ongizate estatuaren desegitearekin negozioa egiten jarraituko dute.