argia.eus
INPRIMATU
Pandemia(k)

Aitor Irigoien Odriozola 2020ko ekainaren 25

Pandemia: Mundu mailako edo lurralde bateko biztanleen gehiengo zabalari eragiten dion izurritea, gaixotasuna.

Egun zailak, arraroak eta luzeak izan dira martxoaren 14tik bizi izan ditugunak. Aurrez ezagutu gabeko egoera, amesgaizto amaiezin moduko bat. Bat-batean, egun batetik bestera, (ia) dena geratu zen. Gure etxeetako betiko paretak, oharkabean, kartzela bateko horma arrotzak ziruditen. “Normaltzat” genuen eguneroko zoro eta lanpetua bete-betean eten zuen birus berri eta ikusezin batek.

Oraindik nekeza zait gertatuko guztiaren analisi sakon bat egitea. Baina, pertsonalki, galdera asko eta susmo gehiegi uzten dizkit honek guztiak. Logika oro apurtzen duten gertakari ugari jazo baitira oso denbora gutxian:

Otsailaren 23an, inauterien baitan, mozorro izarretako bat koronabirusarena izan zen. Pertsona ugari mozorrotu ziren, barre algara artean, ordurako Txinan milaka eta milaka hildako eragiten ari zen birus honetaz. Urrutiko kontuak ziren artean, eta ez zitzaigun axola izan… Ez genuen imajinatu ere egiten txiste eta irri haiek laster drama bilakatuko zirenik, edota izuak gure txoko babestuenak eta intimoenak ere inbadituko zituenik.

Martxoko lehen bi asteburuetan, milaka pertsona bildu ziren estadioetan, manifestazio erraldoietan, kirol lehiaketetan… Agintariek etxetik atera ezin ginela erabaki zuten (inposatu ziguten) eguna baino astebete soilik lehenago… Txinan hainbesteko sarraskia eragin zuen birus hura, antza, zuzenean etorri zen Italiara eta espainiar estatura, mundu erdia hegan zeharkatu izan balu bezala…

"Ez genuen imajinatu ere egiten txiste eta irri haiek laster drama bilakatuko zirenik, edota izuak gure txoko babestuenak eta intimoenak ere inbadituko zituenik"

Jarraian, agintari hauek egunero prentsaurrekoak ematen hasi ziren, datuak eta elkar erabat kontrajartzen ziren neurri berriak etengabe eskainiz. Ez zeuden medikuez edo zientzialariez inguratuta. Militarren eta armadako buruen konpainian baizik: “denok soldaduak gara eta erregea da guztion buru, etsai amankomun bat dugu, guda hau irabaztera goaz”… Kaleak, tren geltokiak, ikastetxeak… dena hustu zuten, baina konturatzerako, guztia militarrez josi ziguten…

Eta Espainiako Estatua, nola ez, bere ‘zigilu propioa’ markatzen jarri zen lehen unetik: zentralizazioa, aginte bakarra, 155. artikuluaren aplikazio ezkutua, denok mugikor bidez geolokalizatzea, diktadurakoak ziruditen tonuak eta diskurtsoak… Beldurraren estrategian pausu bat harago, alegia: lehendik ere mugatuta genituen eskubideen murrizketa eta aurrez ere handia zen kontrol sozialaren areagotzea.

Herritarrak etxetik atera ezinda ginen, komertzio txikiak itxita, baina fabrika eta korporazio handiak irekita mantentzen ziren, ospitaleak gainez egitear ziren eta oinarrizko babes ekiporik gabe osasun-langileak, ahal zutena egiten… Baratzera joatea eta azokak debekatu zituzten, jendez gainezkatutako supermerkatu handietan apalak husten hasi ginen bitartean. Haur parkeak prezintatu zituzten eta besarkadak zein muxuak galarazi, tabakoa saltzeko estankoak oinarrizko zerbitzu gisa irekita zeudelarik.

Ordurako, zoritxarrez, jendea hiltzen hasia zen. Jende asko. Batez ere adinekoak eta osasun egoera larrian zirenak. Ahulenak. Beste behin. Justu gainpopulazio eta pentsio sistemen arazo handienak zituzten tokietan, milaka adineko hiltzen joan ziren. Bakarrik, asko etxetik kanpo, familiartekoen konpainia gabe, hiletarik gabe, lehendik ere hain gogorrak diren uneak jasangaitz bilakatuz senideentzat… Milaka hildako inguruan. Itzuliko ez direnak. Agurtu ezin izan ditugunak.

Bestalde, kutsatuen eta hildakoen zifrak une oro eta toki guztietan eskaintzen hasi zitzaizkigun, konfinamendua 15 egunero luzatzen, haurrek eta adinekoek kalera ateratzeko zuten beharra alboratzen… Eta hori dena nahikoa ez bazen, kaleko poliziei, balkoietako poliziak gehitu zitzaizkien… Erreta eta amorratuta ziren herritarrak, inbidiak eta ikusi ezinak gidatuta, dena libre zutela: bizilagunak zelatatu eta salatu, kalean zebilena iraindu, erizaina zen bizilagunari etxetik alde egiteko exijitu…

Bien bitartean, ospitaleko eta adinekoen egoitzetako langileek lehengoan jarraitzen zuten: testik egin gabe eta babes ekipoen faltan… Kongresuko diputatuek, aitzitik, testak behin baino gehiagotan eginda zituzten, eta hainbat positibo kasu emanda ere bai… Gurean, berriz, patronalaren bozgorailu leiala den euskal eskuinetik langileok lanera joan behar genuela esaten ziguten, ekonomiak ezin baitzuen geratu… Eta medikuek zein erizainek, txaloak ezetz, baliabideak behar zituztela gogorarazten ziguten… Ohi bezala, EAEko agintariek kapitalaren interesak lehenesten jarraitzen zuten, pertsonen beharren gainetik. Eta nola ez, aipatu arazo denen erdian, gai garrantzitsuena eta urgenteena zena: hauteskundeak deitzea ahalik eta lasterren.

Azken asteotan sarritan entzun dugu COVID-19ak pertsonen onena atera duela. Ez dut esango horrela ez denik, egia baita pertsona batzuk zuten dena eta gehiago eman dutela, jarrera zinez eredugarria erakutsiz. Baina era berean, ezin dugu ukatu, egoera berberaren aurrean, pertsona askoren txarrena ikustea, pairatzea ere tokatu zaigula.

Hori horrela, oraina kezkagarria da oso, baina are gehiago arduratzen nau etorkizunak. ABEEak, langabezia, enpresen eta denda txikien itxiera, mundu mailako krisi ekonomikoa… Gizarte desberdintasunek gora egingo dute eta betikoek pairatuko dituzte ondorioak. Honen aurrean, etorkizuna iraganaren berdina izatearekin amesten dute batzuk;etorkizuna iragana baino are okerragoa izango dela esango nuke ordea.

Azken finean, COVID-19 deituriko pandemia ikusezin honek, gizartean ezkutuan zeuden pandemia sakonagoak azaleratu (eta azeleratu) ditu. Eta hauentzat txertoa bilatzeak oso zaila dirudi.