argia.eus
INPRIMATU
Pandemiak lotarako pastillen kontsumoa handitu du batez ere emakumeen artean
  • Droga eta menpekotasunei buruz 2020 bukaeran egindako inkestaren emaitzak argitaratu ditu martxoaren 26an Espainiako Osasun ministerioak. Inkesta honen arabera, pandemian errezetarik gabe hartzen diren lotarako pastillen kontsumoa da igo den droga kontsumo bakarra: %1,9ak hartzen zituen pandemia aurretik eta %3,4 dira pandemian. Aldiz, alkoholaren eta tabakoaren kontsumoak jaitsi egin dira.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko apirilaren 06a

Droga eta menpekotasunei buruz 2020 bukaeran egindako inkestaren emaitzak argitaratu ditu martxoaren 26an Espainiako Osasun ministerioak. Azaroa eta abendua bitartean 8.780 pertsonari egindako inkesta da, horietatik 3.961 gizon izendatutakoei eta beste 3.925 emakume izendatutakoei.

Inkesta honen arabera, pandemian errezetarik gabe hartzen diren lotarako pastillen kontsumoa da igo den droga kontsumo bakarra: %1,9ak hartzen zituen pandemia aurretik eta %3,4 dira pandemian. Emakumeak dira lotarako pastillak gehien hartzen dituztenak: guztira %4 hain zuzen, eta adinka aztertuta ere, adin tarte bakoitzean emakumeak dira lotarako pastilla gehien hartzen dituztenak.

Alkohola gutxiago edaten da eta zigarro gutxiago erretzen

Inkesta horretan elkarrizketatuek adierazi dute alkoholaren kontsumoa jaitsi egin dutela pandemian: herritarren %62tik %57,3ra. Gazteak dira alkohol kontsumoa gehien gutxitu dutenak: 15-24 adin artekoen kasuan, gizon izendatutakoetan %73,1 ziren pandemia aurretik edaten zutenak eta %64,6 pandemian; emakume izendatutako gazteen artean, %71,3 ziren pandemia aurretik edaten zutenak eta %58,4 pandemiaz geroztik edaten dutenak.

Alkohola kontsumitzeko ohiturei erreparatuta, eguneroko kontsumoa egonkor mantendu da, baina mozkorraldiak dira murriztu direnak: guztira %17,2 ziren pandemia aurretik tarteka mozkortzen zirenak, %9,7 pandemian.

Tabakoaren eguneroko kontsumoa ere jaitsi egin da pandemian zehar. Guztira %32,3tik %23,4ra.