argia.eus
INPRIMATU
Pandemiak independentismoa indartu du Eskozian
  • Eskozian independentismoak gora egin, eta Eskoziako Alderdi Nazionala, SNP, maiatzean egingo diren hauteskundeetan gehiengo osoa lortzeko bidean da, inkesten arabera. Bigarren indyref-a momentuma indartzen ari ote da?

Berria.eus Ane Roteta 2020ko irailaren 04a
Argazkia: The Scotsman

Erresuma Batuko hauteskunde orokorren berri ematen ari nintzela, abenduko igande hotz euritsu batean, laboristen kanpaina jarraitzeko dozena erdi ekintzailerekin elkartu nintzen, etxez etxe ate joka zebiltzan. Besterik gabe, batek esan zidan: «Gaur Corbynen alde ari naiz; 2014an independentziaren alde egin nuen kanpaina, baita taldeko beste horrek ere, eta berriro egingo dugu Boris Johnsonen Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa lortzen badu». Harrituta geratu nintzen, eta, ondo pentsatzen jarrita, ez dakit zergatik.

Euskal Herriko perspektibatik begiratuta, Eskozian independentziaren auzia ez da identitarioa, demokrazia kontua baizik. Eurek bozkatutakoak, alegia, ez duela pisurik erabakietan. Finean, Erresuma Batuaren %85 da Ingalaterra; Eskozia, %8 baino ez. Eta Ingalaterrak eskuinera egin du, eta brexit-aren alde, eta Eskoziak, berriz, ezkerrera, eta Europan jarraitzearen alde.

2014ko erreferenduma unionistek irabazi zuten, hamar puntuko aldearekin (%45 bai / %55 ez); abuztuaren 18an kaleratutako inkestak justu kontrako indarra erakusten du: hamar puntuko aldea ateratzen dio independentismoak unionismoari (%55 bai / %45 ez, Panelbase).

Eta inoiz gertatu ez zena: hiru hilabetez, ekainaz geroztik, egin diren inkesta guztietan ageri da aurretik independentismoa (WhatScotlandThinks.org).

Brexit-a inposatu zaie, nahiz eta eskoziarren gehiengo handi batek aurka bozkatu zuten (%62 / %38). Eta, azkenaldian, Europaren gaia baino are erabakigarriagoa izan da COVID-19a.

Pandemiari aurre egiteko Nicola Sturgeonen kudeaketa ona dela diote eskoziarren %79k; Boris Johnsoni buruz hori diotenak %23 baino ez dira. Eta unionistentzat kezkatzekoa da brexit-aren eta unionismoaren alde bozkatu zutenen artean ere Sturgeonen kudeaketaren onespena altuagoa dela Johnsonena baino, eta aldearekin.

Horrek pentsarazten du COVID-19aren kudeaketak eman diola bultzada independentismoari azken hilabeteetan.

Boris Johnson da unionismoak duen arazo nagusietako bat, eta ez daukate Sturgeoni itzala egiten dion liderrik Eskozian bertan. Alderdi Laboristak hondoa jo du, zenbait hamarkadatan izan zuen gehiengoa SNPk kendu dio. Alderdi Kontserbadorea izan da azken hauteskundeetan bigarren indar bozkatuena; Ruth Davidsonen lidergoak eman zion bultzada. Baina karisma handiko politikari kontserbadoreak kargua utzi zuen, ez zuen bat egiten brexit-arekin eta Boris Johnsonekin, eta maiatzeko hauteskundeetan ez da aurkeztu ere egingo.

Beraz, horiek horrela, inkesta eta itxura guztien arabera, SNP gehiengo osoa eskuratzeko bidean da maiatzean Holyroodeko biltzarrerako hauteskundeetan.

Baina, baina, baina. SNPrentzat arrisku handienetakoa, handiena ez bada, etxe barruko zatiketa da: Alex Salmond vs. Nicola Sturgeon.

Salmonden aurkako epaiketa izan zen martxoan, ministro nagusi zela egindako hamaika sexu eraso eta bortxaketa saiakera bat egotzita. Haren abokatuari trenean zihoala entzun omen zioten Salmond mespretxagarria dela, baina jokaera kriminala beste gauza bat dela.

Zortzi emakumek eta bost gizonek osatutako epaimahaiak errugabe deklaratu zuen. Martxoaren 20a zen, pandemia izua pizten hasi zen garaia, eta berriak oihartzun apala izan zuen.

Baina auzitegiaren aurrealdean Salmondek berretsi zuen politikatik kanpo uzteko konspirazioa izan zela auzia, Eskoziako gobernuko goi mailatik antolatua. Nicola Sturgeonek hori zentzugabekeria dela dio.

Epaiketa kriminalaren aurretik ere, Salmondek, Eskoziako gobernua auzitara eraman, eta irabazi egin zuen. Gobernuak berak aitortu zuen buruzagi ohiaren inguruan egindako ikerketa ez zela behar bezalakoa izan, eta 500.000 libera ordaindu behar izan zizkioten eskoziarren poltsikotik. Hori ikertzeko, Holyroodeko parlamentuko batzorde bat jarri da abian, eta Salmondek eta Sturgeonek galderei erantzun beharko dietela aurreikusten da.

Sturgeoni kalte egin diezaioke noiztik eta zer zekien argitzera behartuta kontraesanak aurkitzen badituzte. Baina Eskoziako gobernuburua abokatua da zer eta nola esan jakiteko.

Ez dauzka gustura alderdikide denak, han eta hemen kritikatzen diote botere handiegia bildu duela SNPn; senarra, Peter Murrell, alderdiko zuzendari nagusia da.

Salmondek baditu jarraitzaileak, eta honen ausardia gustuko lukete independentista gogorrenek; Sturgeon ez da hordago zalea, politikari zuhurragoa da.

Brexit-aren gaian, presioa egitea izan da haren estrategia europazale unionistekin batera. Ipar Irlandari emandako tratu bera ere eskatu du, Europar Batasunaren orbitan jarraitzeko. Euren ahotsa ez dela aintzat hartzen da orain SNPren argudioa, eta maiatzean gehiengo osoa lortzen badu, independentziari buruzko bigarren galdeketa eskatzeko mandatua duela.

Erreferenduma egin ahal izateko, jakina, Sturgeonek gobernu britaniarraren adostasuna behar du, eta Johnsonek jada esan du ez duela bigarren galdeketa onartuko. David Cameronek ere hala zioen, eta amore eman zuen. Bestea da federalismoaren bidea: Laboristen liderrak, Keir Starmerrek, Eskoziari eskumen gehiago ematearen alde egin du.

Eta ikusteko dago brexit-a azkenean nola gauzatuko den urte amaieran: merkataritza akordioa adostuko den ala ez Europar Batasunarekin, kaosa izango den ala ez, eta zer eragin izango duen Eskozian eta Erresuma Batu osoan, eta, noski, Europar Batasunean. Auskalo.

Eta, jakina, pandemiaren erdian gaude oraindik, eta Eskoziako hauteskundeetarako bederatzi hilabete geratzen dira.

* Ane Roteta EiTBk Londresen duen berriemailea da.