argia.eus
INPRIMATU
Pandemiak gazteen diru-sarrerak mugatu ditu, besteenak baino lau aldiz gehiago
  • Pandemiaren ondorio ekonomikoak aztertu dituzten hainbat ikerketen arabera, gazteak dira kalte ekonomiko handienak pairatzen ari direnak. Esaterako, pasa den apirilean, gazteen diru sarreren beherakada helduena baino lau aldiz handiagoa izan zen. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 11

La Vanguardia hedabideak jasotako datuen arabera, pandemiak bereziki gazteen diru sarrerak mugatu ditu, beste adin tarteetan baino lau aldiz gehiago. Pandemiak ekarritako osasun krisiaren eskutik etorri da krisi ekonomikoa eta kolektibo zaurgarrienek pairatu dituzte ondorio larrienak. Horien artean kokatzen dira gazteak, lehendik ere lanpostu prekarioak, baliabide eza eta independizatzeko zailtasunak baitzituzten. Krisiak gazteen egoera ekonomikoaren hainbat arlotan inpaktua izan du.

Esaterako, CaixaBank Research-ek argitaratutako datuen arabera, pasa den apirilean, Espainiako Estatuko gazteen dirusarreren beherakada helduena baino lau aldiz handiago izan zen; gazteen diru-sarrerek %20 egin zuten behera eta helduen kasuan ordea, %5. Urtearen amaieran, bataz beste helduek sarreren %2 galdu zuten eta gazteek %8,2. Gazteek lan-prekarietate handiagoa izaten dute, eta lanean daudenek aldi baterako kontratu gehiago izaten dituzte. Ikerketan ondorioztatzen denez, aipaturiko jaitsieraren atzean hileko diru-sarreren jaitsiera dago, kontratuen iraupen laburragatik eta lanaldi partzialeko enplegua areagotzeagatik. 

Gaur egungo gazteek 80ko hamarkadakoek irabazten zutenaren erdia kobratzen dute

Samuel Benolilak egindako ikerketaren arabera, gaur egungo gazteek 80ko hamarkadakoek irabazten zutenaren erdia kobratzen dute: 2019an 18-20 urtekoen soldata 1980ko gazteen soldataren %50aren azpitik kokatzen da. UGTk duela gutxi argitatutako txosten batean gazteen egoera sozioekonomikoaren inguruko datuak mahaigaineratu ditu. Esaterako, iaz 2007ko krisi ekonomikoa hasi zenetik, gazteen emantzipazio-ehunekoa %20tik behera jaitsi zen, soilik %18,6ak lortu batizuen gurasoen etxetik alde egitea. Horrez gain, azken urtean gazteen langabezia-tasa %48,5 hazi da, 245.1000 gazte langabe izateraino. Horrek esan nahi du gazteen %22,7 langabezia egoeran dagoela. Bestetik, 2017ko datuek erakusten dutenez, hamar gaztetatik ia lau, daukaten prestakuntza-maila baino kalifikazio txikiagoa eskatzen duten lanpostuetan daude.  

Eskuragarri duzue pandemia garaian gazteek bizi duten egoera eta ondorioetan sakontzen duen erreportajea: Pandemiak etendako gaztaroa.