argia.eus
INPRIMATU
Pandemiak desberdintasuna agerian utzi du
  • Ez da egia pandemiak herritar guztiei eragiten diela eta ez duela kolore politiko edo sozialik. Hondamendiek bezala koronabirusak ez die berdin eragiten behartsu eta aberatsei, plantillako langileei edo prekarioan daudenei, bertakoei edo etorkinei.

Juan Mari Arregi 2020ko apirilaren 27a
(arg: Dani Blanco / ARGIA)

Ez daukagu daturik pandemiak sektoreka Euskal Herrian duen eragina konparatzeko. Baina Madrilgo datuak baditugu, Espainiako Estatuko pandemiaren epizentroa izan dena. 100.000 biztanleko infektatutako pertsonek erakusten dute koronabirusa gizentzen ari dela sektore ahulenetan. Madrilgo erkidegoan errentarik handiena duen udalerriak, Pozuelo de Alarconek, 595 kasu ditu, pobreenak, Villa del Pradok, 1.212.

Desberdintasuna konfinamenduarekin ere geratu da agerian. Ez da gauza bera 100 metro koadroko pisuan edo 25-40 metrokoan bizitzea. Ez da gauza bera ABEEE bat jasatea, edo hori ere ez, prekarioan lan egiteagatik. Ez da gauza bera –egoera horretan batez ere– bertakoa izatea edo etorkina izatea eta patera pisuetan bizitzea. Eta pandemia honen irteera ez da berdina izango batzuentzat eta besteentzat.

Zeren eta desberdintasunak hor jarraitzen du, sistema kapitalistaren ondorioz. Hondamendiaren erdian, enpresa handiek –batez ere bankuek eta elektrikakoek– milioi askoko etekinak izan dituzte eta dibidenduak banatuko dituzte. Sánchez Galan Iberdrolako presidenteak jakinarazi du 2019an 3.406 milioi euro irabazi zituztela. Eta horrek sortzen duen ospe txarrari aurre egin nahi dio osasun materiala erosteko limosna txikiak emanez.

Bitartean, milaka enplegu desagertuko dira; autonomoek eta negozio txikiek pertsiana jaitsi beharko dute. Eta bankuek eta enpresa multinazionalek irabaziak pilatzen jarraituko dute ahulenen kontura, baldin eta ez badugu eredu anker eta injustu horri aurre egiteko horma handi bat eraikitzen.