Apirilaren 28a Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko eguna dela-eta, mobilizazioak antolatu ditu gehiengo sindikalak Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Pandemia egoeran langileen osasun eta bizi baldintzek okerrera egin dutela salatu dute eta lan osasuneko politikak errotik aldatzeko garaia dela aldarrikatu dute.
Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak egin dira Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko egunaren bueltan, gehiengo sindikalak deituta. "Sistema honek gaixotu eta hiltzen gaitu" lelopean irten ziren langileak kalera; Gasteizen asteartean irten ziren eta gainontzeko hiriburuetan asteazkenean.
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta Nafarroan CGT-k idatzitako ohar bateratuan "lan-prekarietatearen ondorioz bere lanpostuetan hil eta osasuna galdu duten pertsona guztiak omentzeko eguna" dela azpimarratu dute eta pandemia betean oraindik ere lehen lerroan jarraitzen duten pertsona guztien lana aitortu nahi izan dute.
Pandemia egoeran langileen osasun eta bizi baldintzek okerra egin dutela salatu dute sindikatuek, eta lan osasuneko politikak errotik aldatzeko garaia dela aldarrikatu dute: "Ezinbestekoa da lan-erreformak indargabetzea, kendutako eskumenak berreskuratzea, elkarrizketa sozialeko politika ez-eraginkorrak haustea eta lantokietako segurtasun-baldintzak kontrolatzeari esleitutako baliabide publikoak indartzea."
Erakunde publikoek pandemiak egindako kudeaketa "negargarritzat" jo dute. "Birusarekin elkarbizitzeko estrategia patronalaren adostasunarekin diseinatu zen, eta gaixotasunak aurrera egin eta kutsadurak eta heriotzak areagotu arren, funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoari berrekitea eta eustea erabaki zen". Oraindik ez dakite lan zerbitzuetan gertatutako kutsatzeengatik hil diren pertsona kopurua baina berriki jakin dutenez, EAEn 2020ko urritik 2021eko urtarrilera bitartean gertatutako agerraldien %70 baino gehiago lan-arloan gertatu dira.
Hori dela eta, Zero COVID estrategia aldarrikatu dute: ikuskapen-lanetara bideratutako bitartekoak Europar Batasuneko batez bestekoaren parekoak izatea, eta ezarritako ekoizpen sistemaren gainean administrazio publikoek "behingoz lan eta osasun arloko agintaritza izatea" exijitu dute.