argia.eus
INPRIMATU
Pandemia betean, migratzaileak atxikitzeko zentroak ixteko eskatu dute
  • Migratzaileak pilatuta eta baldintza negargarrietan dituzten Frantziako Estatuko zentroak (CRA) hustu eta ixteko eskatu dute, tartean Hendaiakoa, gainerako herritarrak konfinatuta dauden bitartean koronabirusaz kutsatzeko arrisku itzela baitute horietan. Macronen formula bestelakoa da, ordea: polizia kopurua bikoiztuko du mugetan, migrazioa kontrolatzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko azaroaren 10a

Pasa den martxoko konfinamenduan, migratzaileak atxikitzeko zentroak ixteko eskatu zuten giza eskubideen aldeko eragileek, bai Espainiako Estatuan (CIEak) nola Frantziakoan (CRA direlakoak). Konfinamenduaren ostean berriz ere zabaldu zituzten ordea, eta pandemiaren bigarren olatua gainean dugula, baldintza tamalgarrietan jendea pilatzen duten zentro hauek ixteko eskatu du berriro ere La Cimade elkarteak. Pandemiarekin edo gabe, zentro hauetako baldintzak giza eskubideen aurkakoak direlako betiko itxi beharko liratekeela aldarrikatzen dute, baina COVID19aren zabalkundeak are arriskutsuago bilakatzen dituela gune hauek.

Kontrol handiagoa mugetan

Migrazio ilegalaren aurkako borroka argudio hartuta, Frantziak Espainiako eta Italiako estatuekin dituen mugetan polizia kopurua bikoiztea du helburu Emmanuel Macron presidenteak. Orain 2.400 polizia, gendarme, CRS eta militar daude, eta 4.800 agente izango dira aurrerantzean. Euskal Herria banatzen duen mugan ere antzemango da poliziaren presentzia handitzea.