Hilketa eta lesio “gehienak” AEB-etako soldaduen “akzio armatuek” eragin zituzten, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak adierazi duenez.
Batzordeak azaroaren 15ean igorri zuen txostenean azaldu du, AEB-ek Panamako inbasioan eragin zituen biktimei kalte-ordainak eman beharko dizkiela. Gilma Camargo abokatuak 272 biktimen ordezkaritzapean 1990ean jarri zuen salaketa, heriotzak, lesioak eta kalte materialak izan zirela argudiatuz.
29 urte geroago, Giza Eskubideen Amerikako Aitorpeneko: bizitzarako, askatasunerako eta segurtasunerako eskubideak, haurtzaroko babes eskubidea, jabetza eskubidea eta justizia eskubidearen artikuluak urratzea egotzi dio batzordeak AEB-i.
Biktimetako batek adierazi duenez, “poztasun handia” eragiten du nazioarteko batzorde batek Panamako gobernuen babesik izan ez duen pertsona talde baten aldeko epaia emateak.
Txosten honek Panamaren memoria historikoaren, justiziaren eta egiaren “errekuperaziorako” laguntzen duela azpimarratu du Camargo abokatuak.