argia.eus
INPRIMATU
Pisu turistikoen alokairua debekatu du hiri osoan Palmako Udalak, Balear Uharteetan
  • Beren etxebizitza turismorako alokatzen dutenentzat 40.000 euro arteko isunak iragarri ditu Balear Uharteetako hiriburuko Udalak, El Periodicon irakur daitekeenez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2017ko abuztuaren 01a
Palmako Udalak pisu turistikoak debekatzea erabaki du.

6.076 sinadurarekin Palmako Bizilagunen Elkarteen Federazioak aurkeztutako ekimena onartu du Udalak. Lehen aldiz Udal Gobernua zatitu da, PSOE abstenitu egin da, eta Més eta Podemosen hamar botoekin aurrera atera da. PP ere abstenitu egin da eta Ciudadanos izan da aurkako botoa eman duen alderdi bakarra.

Horrez gain, erabilera turistikora zuzendutako lizentzia urbanistikoak emateko orduan urtebeteko moratoria onartu dute Udalean.

"Azken urteetako etxebizitza turistikoen igoera nabarmenak Palmaren masifikazioan eta turistifikazioan eragin du". Bizilagunen elkarteko presidente Joan Fortezaren hitzak jaso dituzte El Mundon. Bere ustez higiezinen merkatuan modu negatiboan eragiten dute etxebizitza turistikoek, diru sarrea txikiagoak dituzten herritarrak kanporatzen baititu honek.

"Arrakastaz hil gintezke", adierazi du ekimena defendatzeko orduan. "Krisi soziala eta Balear Uharteei eragiten dien gentrifikazio prozesua gelditu nahi ditugu".

Hamabost elkarte eta eragilek bat egin dute debekuarekin, besteren artean, Jubilatas per Mallorca, la Associació Canamunt Ciutat Antiga edo ATTAC Mallorca, Diario de Mallorcan jaso dutenez.

Inkesta baten bidez hiriko datuak jaso ostean hartu dute erabakia. Operadoreen heren batek hamar etxetik gora eskaintzen ditu. Soilik 15 enpresak hiri osoko etxebizitzen %10 kontrolatzen ditu. Iaz alokairuak %7,4 igo ziren hirian.

El Mundok nabarmendu duenez, legeak eragina izan du, etxe-jabe askok berehala kendu baitute beren iragarkia webgune hauetatik, zigorren beldurrez.