Gutxienez 23 palestinar hil dituzte Nuseirat errefuxiatu kanpalekuko eskola batean. Genozidioa hasi zenetik “aste odoltsuenetakoa” izan da azken hau, UNRWAren arabera.
Dozenaka palestinar hil ditu armada sionistak astearte honetan, Gaza erdialdean eta hegoaldean egindako bonbardaketetan. Milaka pertsona zeuden Israelgo armadak “eremu seguru” izendatutako zonalde batean, eta han ere jaurti dituzte bonbak, armadak berak emandako irizpideen aurka beste behin ere, Palestinako Osasun zerbitzuek jakinarazi dutenez.
Gaza erdialdeko Nuseirat errefuxiatu kanpalekuan gutxienez 23 palestinar hil dituzte sionistek, eta 80 inguru zauritu, NBEren eskola batean egindako aire erasoan, Gazako gobernuaren komunikazio zerbitzuek ohartarazi dutenez. Hegoalderago, Khan Youniseko al-Mawasi errefuxiatu eremuari eraso egin dio berriz ere Israelek, eta hiriko ospitalean hamazazpi hildako zenbatu dituzte. Al-Mawasi gogor kolpatu du armada sionistak asteburuan ere, ia ehun pertsona hil eta 300 inguru zaurituta.
Nuseirat kanpalekuko bonbardaketan, besteren artean, Mohammad Meshmesh kazetaria hil dute, Gazako agintariek jakinarazi dutenez. Honebestez 160 dira, gutxienez, Gazako genozidioan azken bederatzi hilabeteetan hildako kazetariak.
NBEren eskolak jo puntuan
Azken astean errefuxiatu palestinarrez arduratzen den NBEko UNRWA erakundearen bost eskola bonbardatu ditu Israelek, milaka palestinar bertan babestuta zeuden bitartean, eta ehunka pertsona hil ditu. UNRWAk berak ohartarazi du NBEk gidatutako hamar eskolatik zazpi bonbardatu dituela Israelek Gazan genozidioaren hasieratik. “Gure eskolen %95a babesleku gisa erabiltzen ari ziren bonbardatu dituztenean”, salatu du UNRWAk sare sozialetan. “Ez dago leku segururik”. Philippe Lazzarini UNRWAko buruak adierazi du NBEn eraikinei eraso egitea nazioarteko legediaren aurkakoa dela. Izan ere, eskolez gain, UNRWAren “egoitza nagusia” ere suntsitu du Israelgo armadak, Lazzarinik berak jakinarazi duenez.
Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak ere gaitzetsi ditu Israelen azken erasoak, eta adierazi dute eskolak eta ospitaleak inoiz ez direla helburu militarrak izan behar. “Haurrek ezin dute gatazkaren lehen lerroan egon”, esan du erakunde humanitarioak. Izan ere, Al Jazeerak beste eragile batzuekin jasotako azken datuen arabera, Gazako ikastetxeen %88a kaltetu dute Israelen bonbardaketek azken hilabeteetan.