“Behar bezala identifikatuta eta behar zen lekuan nengoen, oso esperimentatuta nago. Frankotiratzaileak niri tirokatzea ez zen hutsegitea izan”. Horrela kontatu du Tarek Loubani mediku kanadarrak, astelehenean Gazako protestetan palestinar zaurituak sorosten ari zen bitartean Israelgo armadak hankara tiro egin zion unea. Tiroketan, Loubaniren laguntzailea hil zuten militar israeldarrek. Protestak hasi zirenetik, mediku eta laguntzaileen aurkako 229 eraso salatu ditu Osasunaren Mundu Erakundeak.
Uniforme kirurgiko berdea jantzia zuen eta peto laranja distiratsuak zeramaten paramedikuekin batera zegoen Loubani, tiro egin ziotenean. Horregatik, ziur da ez zela kasualitatea izan. Gainera, Israelek osasunaren profesionalak ere jomuga dituela salatu dute bai Osasunaren Mundu Erakundeak, bai Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak.
Azken erakunde horren arabera, ospitaleen egoera kaotikoa da Gazan. Israelek daraman blokeo politikak paralizatuta ditu bertako ospitaleak eta azkenaldiko protesten ondorioz, baliabide ia guztiak agortu dituzte horietan. Ospitaleak “kolapsotik gertu” daudela ohartarazi dute.