argia.eus
INPRIMATU
Palestinarrak israeldarrengandik banantzeko autobus berriak Israelen
  • Israelgo gobernuak Palestinarrak bakarrik eraman ditzaketen autobusak jarri ditu martxan. Zerbitzu honek Estatuaren gainontzeko eremua murru batez banantzen duen Zisjordaniako Qalqiliya  hiria eta Tel Aviv hiriburu israeldarra lotuko ditu. Azken horretan dituzten lantokietara joan ahal izateko, muga igarotzeko armadaren baimena jaso duten palestinarrek soilik bidaiatu ahal izango dute.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 04a
Palestinaren aldeko ekintzaile atzerritarrez betetako autobus bat Zisjordaniako murrua zeharkatu nahian (argazkia: AFP Photo/Khalil Mazraawi)

Neurri berriak palestinarren Apartheid-aren inguruko polemikari indar handiagoa eman dion arren, Israelgo garraio ministroak autobus horiek palestinarren zerbitzuak hobetzeko atera dituztela adierazi du. Bere hitzetan, “zerbitzu berriak ez dira palestinarrentzako aparteko lineak, bigarren linea ofizial bat baizik, orain arte palestinarrek garraio publikoarekin edukitako arazoei aurre egiteko”.

Gobernu israeldarraren keinu horren atzean, alta, beste arrazoi bat ezkutatzen da: muga igarotzeko baimena zuten palestinarrek zerbitzu erregularrak erabili ohi zituzten orain arte, baina azken urteotan eman den baimenen igoeraren ondorioz, palestinarrek eta israeldarrek partekaturiko autobusek gainezka egin dute, herritarren artean hainbat gatazka eraginez.

Neurri berria ezarri aurretik ere, polizia israeldarrak behin baino gehiagotan bota du herritar palestinarren bat autobus batetik, Tel Aviv-etik Zisjordaniara bidean zihoala. Poliziak men egin ohi zien israeldarren kexuei, palestinarrak autobus berean joatea arriskutsua zela esaten zutenean.

Ministroak autobus zerbitzu berri honen atzeko benetako intentzioa argitu ez duen arren, Israelgo Checkpoint Watch giza-eskubideen aldeko erakundeak neurri berri honek, praktikan, palestinarren aurkako bazterketa indartzeko balio duela salatu du. Hainbat langile palestinar autobus zerbitzu normaletatik egotziak izan diren hainbat kasu salatu dituzte.