argia.eus
INPRIMATU
Palestinaren eta islamaren aurkako margoketak egin dituzte Azpeitian
  • Azpeitian Palestinari elkartasuna adierazteko mural batean mezu islamofoboak margotu dituzte. "Palestina Akatu" eta Islama minbiziarekin parekatzen duten pintaketak dira. Elkar-ekin mugimenduak salatu du ekintza.

Axier Lopez @axierL 2024ko uztailaren 02a
Argazkia: Elkar-ekin

Azpeitiko Sanjuandegiko biribilgunearen ondoan Palestinarekin elkartasunez jarritako muralean mezu xenofoboak eta genozidioaren aldekoak margotu dituzte asteburu honetan. Elkar-ekin taldeak horren berri eman du eta hurrengo egunean bertan ezabatu dituztela jakinarazi dute. Gaineratu dutenez, azken hilabeteetan Palestinaren alde egin dituzten ekimenak iragartzeko kartelak behin baino gehiagotan kendu izan dizkiela paretetatik, "auzo batzuetan kartel guztiak desagertzeraino".

Elkar-ekinetik mezu horiek deitoratu dituzte mezu islamofoboen bidez Azpeitiko komunitate oso baten aurkako gorrotoa eta diskriminazioa bultzatzen ari direlako eta genozidioa babesten dutelako.

Faxismoaren gorakadaren aurrean, egoera sozial eta ekonomikoaren azterketa sakona egitea beharrezkoa dela azpimarratu dute, baita "bere aurka determinazioz ekitea ere". Gaineratu dutenez, "gezurra oinarri duten antzeko komentario eta zurrumurruak" entzutea ohikoa dela Azpeitiko txoko eta eremu askotan. Hori dela eta, azpimarratu dute "guztion zeregina" dela horrelako mezuak normalizatzen ez uztea.