Palestinari elkartasuna emateko elkarretaratzeak egin dituzte urriaren 21ean Euskal Herriko herri eta hiri ugaritan. Milaka lagun batu dira arratsaldean zehar Gernika-Palestina plataformak antolatutako deialdietara.
Astearte eguerdian, sindikatu eta hezkuntza komunitateko kideek egin zituzten elkarretaratzeak Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Tuteran. Arratsaldean, berriz, 178 herritako udaletxeen aurrean antolatu ziren mobilizazioak. Bertan, Israelekiko konplizitate oro haustea exijitu zuten eta gatazkari konponbidea emateko “bide diplomatikoen” beharra nabarmendu zuten.
Euskal Herriko leku ugari hartu ditu Gernika-Palestina plataformak deitutako herri ekimenak: 63 herri Bizkaian, 41 Gipuzkoan, 61 Nafarroan, hamabi Araban eta bat Lapurdin. Urtebeteko epean, Israelgo armadak gutxienez 43.000 palestinar erail dituela eta Gazako azpiegituren %70 suntsitu dutela salatu dute.
Herri askotan Leire Vargasek idatzitako poema irakurri dute, genozidioari berehalako erantzuna emateko beharra azpimarratu du:
sarraskia gosetea tortura
alez ale gure hiztegian txertatzen goazen zentzugabekeriak
harik eta gure zentzuzko egunerokotasun normalean paisaiako elementua diren arte
urrutiko paisaia zaratagabea
eta galdetu nahi dut zelan heldu garen honaino baina bada azalpenik
80 urtetako historia koloniala eta bost bat mende aurretik
gutxi batzuen aberastasuna askoren minaren lepotik
mendebaldea ekialdeaz bazkatzen beste behin
eta zergatik ez
zertan eztabaidatu egingo genukeen moduan jokozelaia malkar bat ez balitz