Yala eta Gernika-Palestina mugimenduek deituta kaleak bete dituzte Bilbon eta Iruñean. Hildakoak gogorarazteko performance bat eginda amaitu dituzte manifestazioak.
Milaka lagunek Bilboko eta Iruñeko karrikak hartu dituzte Palestinaren aurkako erasoak salatzeko. Yala eta Gernika-Palestina mugimenduek deituta Genozidioa stop! Europa ez izan konplize lelopean atera dira kalera, hilaren 8an, Europako Parlamenturako hauteskundeak egin baino egun bat lehenago. "Israel hiltzaile, Europa laguntzaile", "Hildako haur bakoitza gure haurra da", "Boikot Israel, Palestina askatu" eta "Gora palestinar herriaren borroka" gisako aldarrikapenak oihukatu dituzte. Amaieran, antolatzaileek gidatuta, lurrean etzanda eta begiak itxita gelditu dira manifestariak hildakoak gogorarazteko.
Antolatzaileek nabarmendu dute 40.000 hildako eta 70.000 zauritu eragin dituela Palestinaren aurkako sarraskiak eta manifestazioaren egunean bertan, larunbatez, Israelek Gazaren kontra egindako erasoan 200 hildako eta 400 zauritu eragin zituela. "Estatuen eta erakundeen konplizitatearekin herri oso baten suntsiketa ikusten ari gara", nabarmendu dute.
Jon Maia bertsolariak idatzi du manifestaziorako testua, eta euskaraz, gazteleraz eta arabieraz irakurri dute. Europar Batasunari eskatu diote Israelgo Estatu sionistarekin "ez aktiboki ez pasiboki" ez kolaboratzeko: “Europako Batasunari exijitzen diogu bere esku dagoen guztia egiteko basakeria hau amaitzeko. Nahikoa da!”.
Gobernuei presioa
Orain arteko keinuak ez direla aski eta gobernuei presioa egin behar zaiela nabarmendu du Lidon Soriano Nafarroako Yala mugimenduko kideak. Israelekin dituzten harremanak apurtzeko eskatu die agintariei: "Israelek nazioarteko araudia apurtu duen arren, oraindik ez du zigorrik jaso". Gogorazi du ere herritarrak "masiboki" eskatzen ari direla Euskal Herrian zein mundu osoan erasoak geldiarazteko: "Israelek hamarkadak daramatza apartheid eta okupazio sistema bat ezartzen".
Azahra Hag palestinarrak hartu du hitza Bilbon, eta erasoek eragindako kalteetan jarri du arreta: "Sarraskia amaituta ere, ezin dizkigute haurrak, aitona-amonak eta gurasoak itzuli. Sunitsutako gauza materialak berreskuratu daitezke, baina galdutako bizitzak ez".