argia.eus
INPRIMATU
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition
  • Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.

Axier Lopez @axierL 2024ko abenduaren 19a
Palestinarekin elkartasuna taldea

2023ko urritik martxan den Lekeitioko Elkartasuna Palestina taldeak egin du proposamena, eta herriko askotariko eragileei zabaldu die gero, baita norbanakoei ere. Hala, 30 eragile sozial, kultural, sindikal eta politikok eta kirol eta hezkuntza arloko zenbait kidek ordubeteko txandak egingo dituzte hamar orduko mobilizazioa osatzeko. Abenduaren 28an Eskolapean goizeko 10:00etan hasiko da kontzentrazioa eta iluntzeko 20:00etan amaitu. Herritar orori zabaldu diote parte hartzeko gonbita.

Ekimenaren bitartez, Euskal Herritik "babes aktibo eta internazionalista" antolatzeko asmoa dute sustatzaileek. Horrekin batera, Palestina eta inguratzen dituen herrialdeetan "Israel Handia deritzon estatu koloniala eta inperialista eratzeko" proiektua salatu nahi dute. Libano, Irak, Iran edo Yemenen aurkako eraso sistematikoak, edota Siriaren kontrako esku-hartze militarra ere bai, testuinguru horretan kokatu dituzte, atzean, sionismoaz gain, "inperialismo kapitalistaren interes zuzenak" daudelako.

Europako Batasunak eta "Euskal Herria zapaltzen duten" Frantziako eta Espainiako estatuek AEBen eta NATOren aginduei "men egin diete" azpimarratu dute. Eta hala, Espainiako Gobernuak "hitz polit gutxi batzuekin eskuak garbitu", baina sionismoarekin" akordio politiko eta ekonomiko oro" mantentzen dituela adierazi dute. Zentzu berean, Frantziako Gobernuak Palestinaren aldeko elkartasun mobilizazio edo kolektiboak jazartzen jarraitzen duela gaineratu dute. Euskal Herriari dagokionez, salatu dute erakunde publikoek ez dituztela sionismoarekin harremanak hautsi eta haiekin kolaboratzen jarraitzen dutela, CAF bezalako enpresak tarteko.

Egoera gordin horren aurrean, Palestinak bere burua defendatzeko duen eskubidea aintzat hartu eta Palestinako Erresistentzia babesten dutela adierazi dute abenduaren 15ean egindako prentsaurrekoan. Hala, ondokoak dira eskaera zehatzak: Israelen erasoaldia eta genozidioa berehala gelditzea, palestinar preso politikoak askatzea, palestinar errefuxiatu politikoek euren aberrira bueltatu ahal izatea, Palestinaren okupazioarekin kolaboratzen duten enpresa eta erakundeen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak bultzatzea eta entitate sionista behingoz desegitea.