Gernika-Palestina ekimenak deituta, Hego Euskal Herriko 107 herritan elkarretaratzeak egingo dituzte udaletxeen atarietan azaroaren 7an, asteartez. Larunbatez, bestalde, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Hendaian mobilizatzeko deia egin du Palestinarekin Elkartasuna taldeak.
Gazako sarraskia gelditu aldarriaren pean, Gernika-Palestina ekimenak deituta –urriaren 21ean Donostian egin zen manifestazioaren antolatzailea da taldea–, Hego Euskal Herriko 107 herritako udaletxe atarietan elkarretaratzeak egingo dituzte azaroaren 7an, iluntzean, 19:00etan. Unibertsitateetan ere mobilizatuko dira eguerdian.
Azaroaren 11n, Palestinarekin Elkartasuna taldearen deialdia
Gora palestinar erresistentzia! Sionismoa genozida aldarria du, bestalde, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak, urriaren 28an Bilbon mobilizatzera dei egin zuen taldeak. Oraingo honetan, ordea, azaroaren 11n manifestatuko dira Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Hendaia eta Irun artean –azken horretan Irungo CAF enpresaren atarian amaituko dute protesta–.
Palestinar erresistentziaren aldeko mezua zabaltzeaz harago, Espainiako Gobernu osaketa ixtear egon daiteken honetan, "presioa areagotu" eta "genozidio sionistaren konplize" diren enpresa eta instituzioak seinalatu eta salatuko dituzte.