argia.eus
INPRIMATU
Palestinaren alde egiteagatik lau herritar kanporatu nahi ditu Alemaniak
  • Poloniar bat, bi irlandar eta estatubatuar batek jaso dute Alemania apirilaren 21a aitzin uzteko manua. Hori gertatu ezean, kanporatuko dituztela argitu die Berlineko Migrazio Bulegoak. Salaketa jarri dute kanporaketa prozedura geldiarazteko xedez.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko apirilaren 10
Palestinaren aldeko protesta bat, Berlinen E. Noroozi

Palestinaren aldeko manifestazio batzuetan parte hartzeagatik, eta inolako auzibiderik ireki gabe kanporatu nahi ditu Alemaniako Estatuak han bizi diren lau herritar. Poloniar bat, bi irlandar eta estatubatuar bat ditu jomugan Berlineko Migrazio Bulegoak, eta martxoan jasotako gutun batean zehaztu die apirilaren 21a arte dutela beren kabuz alde egiteko. Hori ezean, kanporatuak izanen lirateke.

Kasia Wlaszcyk da horietariko bat, eta The Guardian komunikabidean eman du bere egoeraren berri gutun bidez. Dioenaz, ez da lehen aldia Palestinaren aldeko elkartasuna trabatzeko urratsak ematen dituela Alemaniako Estatuak. Besteak beste, 2023ko urriaz geroztik legez kanpo izozturik dituzte Gazatik datozen asilo eskaera guztiak. Ondokoa dio Wlaszcykik: "Muturreko neurri horiek ez dira bat-bateko aldaketa, ezta eskuin muturreko jarrera hartze hutsa ere. Ampel koalizio liberalak –Alderdi Sozialdemokrata (SPD), Alderdi Liberal-Demokrata (FDP) eta Berdeak– eta Alemaniako hedabideek egindako urtebete baino gehiagoko kanpainaren ondorio dira. Kanporatze masiboak bideratzeko deiak egiten aritu dira, batez ere Alemaniako populazio arabiar eta musulmanaren aurkakoak, eta hori, gero eta zabalagoa den Palestinaren aldeko mugimenduari erantzuteko".

Beraien kasuan, "antisemitismoa" eta "talde terroristen" aldeko jarrerak leporatzen zaizkie, "orden publikoarentzat mehatxu" direla gehiturik. Polizia bati "faxista" iraina bota izana zein Ibaitik itsasora, Palestina libre –Alemanian iaztik debekaturik dagoen leloa– oihukatu izana dituzte, besteak beste, froga gisa.

Staatsräson edo Estatu-arrazoia

Holokaustoa dela eta, Israel bai ala bai sostengatzeko Alemaniak duen betebehar moralari eta politikoari deitzen diote Staatsräson edo estatu-arrazoia. Funtsean, hori azaltzen da lau herritarren kanporatzeko arrazoien artean. 2023ko urriaren 7az geroztik, palestinarren aldeko ekimen oro isilarazi nahian dabil Alemaniako Estatua, guztia "antisemita" delakoan.

Kanporatze manuekin datorren "intimidazio" fase berri hori salatzeko asmoz, apirilaren 3an eman zuten beraien kontrako prozeduraren berri. Lauek dute kanporaketa horien aurkako salaketa aurkezturik. Schengen espazioa dela eta, Europaren baitako herri batetik europar bat kanporatzea "kasik ezinezkoa" dela dio poloniarrak. Hala ere, auzia politikoa izanen dela argi dute: "Errepresioaren arloan estatua noraino iritsi daitekeen ikusteko proba bat dira kanporatze agindu horiek, eta zaila da aurreikustea zein izanen den epaia".

Palestinan gertatzen ari den genozidioa ikusita, palestinarren aldeko mobilizazioa "urgentziazko ardura" bat dela ohartarazirik bukatzen du bere gutuna poloniar gazteak.