argia.eus
INPRIMATU
Palestinaren alde mobilizatu dira Bilboko eta Donostiako Aste Nagusian
  • Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, bi hiriburuetako jaietan "Palestina presente" egoteko aldarria luzatu dute. Ostiralez Bilbon, eta larunbatez Donostian.

ARGIA @argia 2024ko abuztuaren 19a

Bilboko Aste Nagusia hasi bezperan, ostiralez, jendetza bildu zen Bizkaiko hiriburuko kaleetan, Palestinaren erresistentziaren alde eta Israelen genozidioa salatzeko. Bilboko Konpartsek babestu eta parte hartu zuten Aste Nagusian ere, Israel borrokatu lelopean, Plaza Eliptikotik abiatu eta Arriaga plazako jai gunean amaitu zen protestan. Manifestariek premia azaleratu zuten Bilboko Aste Nagusiko festa ingurunea politizatu eta herri palestinarrarekiko elkartasuna adierazteko. "Une guztiak dira onak genozidioari aurre egiten jarraitzen duen herri duin eta ausarta ikusarazteko", adierazi zuten komunikatuan. Areago, "basakeria koloniala" deituta, zera esan zuten: "Hemen, entitate genozida bat eta bere askatasunarengatik borrokatzen ari den herri bat daude; beraz, ezin dira inolaz ere zapaltzailea eta zapaldua berdindu".

Hurrengo egunean, Donostian, larunbatez, beste milaka lagun batzuk elkartu ziren Bulebarretik abiatu eta eta Parte Zaharra zeharkatu zuen manifestazioan. Oihu artean seinalatu zuten Palestinan gertatzen ari dena ez dela gerra, baizik eta genozidioa. Eta horren konplize dela Mendebaldea. Hori horrela, Israeli boikot egin behar zaiola adierazi zuten. Borroka horretan, Irutxuloko Hitza-ko Xalba Ramirez kazetariak jaso duenez, bi egiteko nabarmendu zituzten: “Palestinar herriari eta bere erresistentziarako eskubideari babes osoa” adieraztea, “ekidistantziarik gabe”; eta Israelen “kolaboratzaile eta konplizeak seinalatu eta borrokatzea”. Besteak beste CAF, M. Torres eta Carrefour bezalako enpresak eta Espainiako eta Frantziako Gobernuak.

Aipagai izan zituzten, Irutxuloko Hitza-ren arabera, Donostian azken asteetan jazotako hiru gertaera: Donostiako Klasika bizikleta lasterketan Israelgo taldeak parte hartu izana; Marruma Tabernan Palestinaren aldeko kartel bat indarrez kendu eta bertako langileari oldartu zitzaion sionistaren kasua; eta kaleetan Palestinaren alde zein Israelen aurkako jarritako kartelen eta pankarten kentzea.

Donostiako manifestazioaren argazki-galeria egin du Irutxuloko Hitzak, eta Bilboko irudiak jaso ditu Ecuador Etxeak.