Ibaitik itsasora Palestina libre lelopean antolatu dute 24 orduko egitaraua Ipar Euskal Herriko hainbat herritarrek. Palestinako preso politikoen laguntzen dabilen Addammer elkarteari bidaliko diote bildutako diru guzia. Bertaratzeko deia zabaldu dute larunbatean egindako prentsaurrekotik.
Palestinako gatazka lehen pertsonan bizi dutenak ekarrarazi nahi izan dituzte Makeara (Lapurdi), hain zuzen, palestinarren historia eta egunerokoa lehen pertsonatik bizi dutenen ahotik jasotzeko. Palestinarrez gain, Palestinaren alde antolaturiko judu antisionistak ere egonen dira. Hitzaldi zein tailer ezberdinak, izanen da zer entzuna Makean, azaroaren 16an. "Transmititutako informazioa, egoera hori [Palestinaren kolonizazioa eta palestinarren genozidioa] lehen pertsonan bizi dutenen ahotik egitea: bizipenetan eta borrokan oinarrituriko informazio gorpuztua, bitartekaririk gabe transmititua izan dadin", horra zer duten helburuen artean ekimena antolatzen arituriko herritarrek. Asmo horri tiraka, Euskal Herrian zein Frantziako Estatuan Palestinaren alde dabiltzan egituren informazio-gunea egonen da egun osoan zehar.
Goizarekin, Ibaitik itsasora palestina libre leloa hautaturik, erranaldi ezagun horretaz ariko dira hiru hizlari : Mays Qaisi erbesteratu palestinarra, Urgence Palestine mugimenduaren sortzaile Omar Alsoumi palestinar aktibista eta UJFP Bakearen aldeko Frantziako Batasun Judua kolektibo antisionistako kide Géraldine Hornberg. Palestinako laborantza suntsitzeko Israelen estrategiaz, estatu sionistaren armamenduaz, Palestinaren aldeko erresistentziaz zein Israelen pinkwashing politikaz, hainbat gai jorratuko dira ere tailer bidez –beti ere palestinar aktibista batzuekin eta formatu intimoagoan, ideia trukaketak errazteko asmoz–.
Gogoetaz gain, festa ere izanen da Makean, hainbat musika taldek joko dutelako gauean: Xiberoots, Mäirü, Spartak Dementziala eta Atzarbale Euskal Herritik, baita, palestinar diasporatik, musika tradizionala soinu modernoekin lotzen duen Ramzi Aburedwan & L’Ensemble Dal’Ouna taldea eta El far3i –Ingalaterran bizi den palestinar rap-folk kantaria, 47soul talde famatuko kantaria–.
Ahal bezain bat diru biltzea eta Palestinara zuzenki bidaltzea dute antolatzaileek helburu. Hori horrela, azaroaren 16an bilduko den sosa Zisjordanian eta Gazan dabilen Addameer elkarteari bidaliko zaio. Preso politikoen laguntzen dabil elkarte hori: juridikoki sostengatzeaz gain, jasaten dituzten eskubide urraketak dokumentatu, eta nazioartean ezagutarazten dabil.
Modu batez zein besteaz ekimenaren antolaketan lagundu duten guziak eskertu dituzte azaroaren 12an Makean egindako prentsaurrekoan: mozkinak kitorik eman dituzten laborariak, Euskal Herriko musika taldeak, grafista, afaria bermatzen ariko den Ibil Bilik krepa egilea, hizlariak zein artistak aterpetzeko haien etxeak utziko dituztenak ala beste. "Elkartasunez eta kitorik haien laguntza ekarri diguten guztiei esker laguntza handiagoa bideratzen ahalko dugu Palestinara", azaldu dute pozik. Azaroaren 16an lagundu nahi izanez gero laguntzaile.makea@protonmail.com helbidera idatzi daiteke.
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan Palestinaren alde dabiltzan kolektiboak elkarturik antolaturiko lehen ekimena da azaroaren 16koa. Zuberoko kolektiboa da zaharrena, 2012az geroztik dabilena Israelen kontrako boikot mezua zabaltzen; besteak iazko urriaren 7az geroztik antolatu dira, modu autonomoan.