argia.eus
INPRIMATU
Palestinaren alde, Erandioko Carrefour merkatalgunean protesta egin dute hainbat ekintzailek
  • Erandioko Carrefour katearen merkatalgunean protesta egin zuen barikuan Khalas! Palestina Uribe Kostako taldeak, "Gazako sarraskian duen konplizitatea salatzeko". Ekintza horren bitartez, bezeroak informatu, kontzientziatu eta "Israelen kolaboratzailea" den enpresari boikota egiteko deia egin zuten.

Iker Rincon Moreno Hiruka .eus 2024ko maiatzaren 06a

Aurpegia maskara zuriez estalita eta lurrean etzanda, iazko urritik Israelek Gazako Zerrendan abiatutako sarraskian hildako palestinarrak (35.000 inguru daborduko) gogoratu zituzten barikuan Khalas! Palestina Uribe Kostako taldeko kideek. Ekintza Carrefour merkatalgunean egin zuten, arrastian, "Israelen kolaboratzailea" dela seinalatzeko eta enpresari boikota egiteko deia zabaltzeko. "Gure asmoa hauxe da: genozidioa eta kolonizazioa salatzea, bezeroak informatzea eta kontzientziatzea, boikotera deitzea eta bertan mantentzea Carrefourek genozidioarekiko konplizitatea eta Israelekiko kolaborazioa eten arte. Bitartean ez gara bertatik aterako", adierazi zuten.

Ekintza egiten ari ziren bitartean, taldeko hainbat kidek bezeroak eta langileak informatzen aritu ziren, "Enpresako jabeak genozidioa laguntzen ari dira, hiltzaileei janaria dohainik ematen ari direnean, Gazako herritarrak gosez hiltzera behartzen ari diren hiltzaile berberei". Gainera, nabarmendu zutenez, korporazio frantziar horrek "Zisjordaniako kolonizazioa laguntzen ari da, palestinarren lurrak okupatu ondoren eraikitako herri berrietan Carrefour dendak ezartzen ari baitira".

 

Protesta egiten ari ziren bitartean, Ertzaintza hurbildu zen, eta ekintzaileetako bi identifikatu zituen, "merkatalgunearen barruan protesta egiteko eskubidea ez dagoela" adierazita. Hala ere, bertan jarraitu dute, arrastiko 20:00ak aldera arte; "ekintza amaitutzat eman dugu, baina genozidioa amaitu arte lanean jarraituko dugu", ohartarazi zuten.