argia.eus
INPRIMATU
Palestinaren alde Baionako karrikak hartzera deitu dute dozenaka eragilek
  • Gazako Sarraskia gelditu! Konponbidea eta bakea Palestinarentzat lelopean eginen dute manifestazioa larunbat honetan Baionan.

ARGIA @argia 2023ko azaroaren 02a

Gazako Sarraskia gelditu! Konponbidea eta bakea Palestinarentzat lelopean eginen duten manifestaziorako deia luzatu dute hogeita hamar bat eragilek –sindikalistak, artistak, elkarte mundukoak eta beste–. Hainbat eragile sozial eta politikok ere bat egin dute hitzorduarekin, tartean, LAB eta EH Bai. Manifestazioa 16:00etan abiatuko da Euskaldunen Plazatik.

Ondokoa irakurri daiteke izenpeturiko adierazpenean: "Jendarte zibileko kide garen heinean, ezin dugu eta ez dugu nahi besoak gurutzaturik gelditu. Gernikako bonbardaketaren eta Aieteko adierazpenaren arteko bidea luzea izan bada ere, Euskal Herrian ikasi dugu bake prozesu bat beti posible dela. Ekialde Hurbilean, hau bortizkeriaren deseskalatze batetik pasa daiteke eta hala izan beharko luke". Frantziako Estatuak Israeli erakutsitako sostengua salatzeaz gain, "Palestinar herriarekiko elkartasun edota negoziazioaren aldeko posizioak jasaten ari diren kriminalizazio sistematikoa" ere deitoratzen dute.

Ondoko bost aldarrikapenak plazaratu dituzte antolatzaileek:

1: Berehalako su-etena eskatzen dugu, eraso guztien bukaera eta zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea.

2: Halaber, Gazaren setioarekin eta, oro har, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuarekin bukatzea galdegiten dugu, bai eta laguntza humanitarioaren sarrera lehen bai lehen ahalbidetzea ere.

3: Herritar palestinar eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela adierazten dugu.

4: Konponbide baketsu eta negoziatua bilatzeko deia luzatzen diegu alde guztiei eta nazioarteko komunitateari; hots, Nazioarteko Zuzenbidean eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenen betearazte zorrotzean oinarritzen den konponbidea.

5: Bake justu, egonkor eta iraunkorra lortzeko elkarrizketa prozesu bat abiatzea premiazkoa dela adierazten dugu, Palestinaren kolonizazioari bukaera eman eta Nazioarteko Zuzenbideak jasotzen duen herrien autodeterminazio eskubidea bermatzeko".

Azaroaren 4ko manifestaziorako kartela.