Abenduaren 13an mobilizazioa antolatu dute Santutxun (Bilbo), enpresa amerikarra palestinarren aurkako genozidioaren parte dela salatzeko. Auzoko kideek azpimarratu dute ez dutela nahi auzoan sarraskiari sostengua ematen dion enpresa multinazionalik.
Ostiral honetan irekiko dute McDonald’s berria Santutxun, Zabalbide kaleko 51. zenbakian, Bilboko bosgarrena. Horren aurrean, enpresaren aurkako boikot kanpaina abiatu dute Santutxuko auzokideek.
Enpresak Palestinaren aurkako genozidioarekin lotura duten enpresekin dituen harremanak jarri dituzte jo puntuan auzokideek. Adierazi dute mota horretako enpresek “ez dutela lekurik” Santutxun. Akziodunen artean sarraskiari nazioarteko sostengua ematen dioten korporazioetako batzuk daudela kritikatu dute, arma salerosketa egiten dutenak edo Israelekin harreman zuzena dutenak. Hala nola, BlackRock, Vanguard, Capital Group, Wellington, JPMorgan Chase, Morgan Stanley edo Geode Capital.
McDonald’s berriak auzoko beharrei erantzun beharrean, “hedatu nahi duen multinazional baten beharrei” erantzuten diela salatu dute ere.
Hori dela eta, ostiral honetan, lokala irekiko den egun berean, arratsaldeko 19:00etan Santutxuko Ritxi plazatik manifestazioa antolatu dute, Genozidioa gelditu, Israeli boikota! lelopean.
Bide beretik, enpresaren aurkako boikot kanpaina globala areagotzeko deia egin du BDS-ek (Boycott, Divestment, Sanctions). Palestinarren giza eskubideen alde eta Israelgo apartheidaren aurka borrokatzen duen eragileak McDonald’s boikotatzeko deia egin du, enpresak Gazako genozidioa babesten duen bitartean.
Konpainiaren Israeleko frankiziak armadari otorduak ematea eta Gazan palestinarren genozidioa babestea salatu ditu. Honek, BDSren arabera, multinazionala zuzenean lotzen du nazioarteko legediaren urraketekin eta giza eskubideen kontrako krimenekin.
Israelen armadarekin loturak izateak eta apartheidaren krimenak babesteak ondorioak izan behar dituela azpimarratu du BDSk. Mundu osoko herritarrei boikotaren bidez presioa areagotzea eskatu die mugimenduak, McDonald’sek Israeleko frankizia-akordioa bertan behera utzi eta giza eskubideen aldeko jarrera argia hartu arte. BDSk nabarmendu du herri-ekimeneko boikotek eragin handia izan dezaketela konpainia handiak bere politika aldarazteko behartzeko.