argia.eus
INPRIMATU
Palestinarekin elkartasuna, sionismoa eta alderdi instituzionalak
Palestinarekin Elkartasuna Taldea 2024ko urriaren 21

Urtebete pasa da palestinar erresistentziak burua altxatu eta Israelek inoiz egin duen ofentsibarik bortitzena hasi zuenetik. Tamalez, egoerak okerrera egin du, Israelek bere ofentsiba areagotu baitu palestinar lurrez harago, Libano, Siria, Yemen edota Iranen aurkako eraso berriekin.

Egoera horren aurrean ez dira gutxi izan Euskal Herrian Palestinaren alde elkartasuna antolatzeko ekimenak. Baina ez gara egoerak merezi duen erantzuna antolatzeko gai izan oraindik. Hori aurrera eramateko ikuspuntuak ikuspuntu, elkartasun horretan sakontzeko garaia da.

2023ko urrian Palestinarekin Elkartasuna sortu genuen Euskal Herriko hainbat eragilek. Palestinar herriaren erresistentzia eskubidea defendatu eta Mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdiek sionismoarekin dituzten konplizitateak salatzeko helburuarekin.

Argia baita, Israelek ezingo luke jarduten duen inpunitatearekin jardun agente horien babesik gabe. Hortaz, Palestinaren aldeko elkartasuna hemen bertatik hasten da, Euskal Herrian konplizitate horiek zabalak baitira. Enpresen arloan, “apartheidaren trena” eraikitzen ari den CAF edota Israelendako armak ekoizten dituen MTorres, adibidez.

Baina alderdien papera ere aski agerikoa da:

Palestinaren alde egiteko Israel –zeharka edo esplizituki– babesten duten alderdi instituzionalak seinalatu behar ditugu. Horienganako presioa handitzeko garaia da

PSOEk gidatutako espainiar gobernuaren konplizitatea ukaezina da. NATOrekin batera armada espainiarra Ekialde Hurbileko herrialdeak mehatxatzera bidali ditu edota genozidioaren erdian Israelekin armen salerosketa baimendu du.

Era berean, EAJren posizioa argi geratu zen 2023ko urrian, “Israelen defendatzeko eskubidea” babestean. Posizio hori, urteetan mantendu duenarekin koherentea da: hamarkadetan enpresa israeldarrekin harreman komertzialak bultzatu ditu, tartean, Ertzaintza prestatzeko teknologia israeldarra erosita.

PSOEk eta EAJk Ekialde Hurbilean gertatzen ari den sarraskian erantzukizun zuzena dute.

Gure ustez, Palestinarekin elkartasuna adieraztearen parte ezinbestekoa da ere sionismoarekin konplizitateak dituzten alderdi horiek seinalatzea. Palestinaren alde egiteko Israel –zeharka edo esplizituki– babesten duten alderdi instituzionalak seinalatu behar ditugu. Horienganako presioa handitzeko garaia da.

Hala, problematikotzat jotzen dugu sionismoaren konplize diren alderdien atxikimendua bilatzea Palestina babesteko ekimenetarako. Batetik, alderdi horiei arnasa ematen dielako; aurpegia garbitu dezaketelako, haien jardun erreala aldatu beharrik gabe. Eta, horren ondorioz, Palestinaren aldeko elkartasuna mugatzen duelako; alderdi horiek duten paper konplizea seinalatzea oztopatzen dute.

Gure ustez, Palestinari babesa adierazteak ezinbestean lotuta egon beharra du Israelen aurkako borrokari, eta horretarako entitate sionistaren sustengu diren erakundeak seinalatu behar ditugu, alderdi instituzionalak, kasu.

Palestinarekin Elkartasuna