argia.eus
INPRIMATU
Israeli boikota eta palestinarren erresistentziarako eskubidea aldarrikatuko dituzte larunbatean Bilboko manifestazioan
  • Palestinarekin Elkartasuna ekimenak urriaren 28rako manifestazio nazionala antolatu du Bilbon. Antolatzaileek salatu dute “larriena” dela Mendebaldea palestinarren aurkako genozidio eta gerra krimenaren “gidari” eta “babesle” izaten ari dela. Palestinarren erresistentziarako eskubidea aldarrikatu dute, eta sionismoa normalizatzen duten mezuak kritikatu.

Leire Artola Arin 2023ko urriaren 23a
Antolatzaileek salatu dute normaltzat jotzea estatu sionistarekin harreman ekonomiko, politiko eta instituzionalak. / Argazkia: Ecuador Etxea.

Euskal Herriko hainbat eragilek bat egin dute Palestinarekin Elkartasuna taldeak deitutako manifestazioarekin. Urriaren 28an 18:00etan abiatuko da Bilboko Jesusen Bihotza plazatik, "Gora palestinar erresistentzia, sionismoa genozida" lemapean.

Palestinako herriaren erresistentziari elkartasuna adierazteko antolatu dute manifestazioa, baina baita Israelgo estatu sionista desagerraraztea eskatzeko eta Mendebaldearen konplizitatea salatzeko ere. Astelehenean prentsaren aurrean irakurritako manifestuan argitu dute ez dela “Hamasen aurkako guda”, baizik eta herri baten genozidioa eta harekiko elkartasun keinuen aurkako jazarpena eta errepresioa.

Ohartarazi dute zabaltzen ari diren mezu batzuek Israeli zilegitasuna ematen diotela: “Bakearen izenean alde bietatik biolentzia etetera dei egiten duten diskurtsoak eta zapaltzaile eta zapalduak parekatzen dituztenak”. Aldarrikatu dute palestinarrek eskubidea dutela erresistentzia egiteko bere okupatzailearen aurka, “horrek har ditzakeen forma eta adierazpen guztietan”: “Herri baten autodefentsarako erresistentzia ezin da parekatu entitate militar kolonial inperialista batekin”.

Estatu genozidari boikota

Manifestazioaren deitzaileek diote “larriena” dela Mendebaldearen “babes eta gidaritzarekin” ari direla egiten genozidioa. Kritikatu dute ezin dela normaltzat hartu sionismoarekin harreman ekonomiko, politiko eta instituzionalak izatea: “Estatu genozidari boikota, desinbertsioak eta zigorrak ezartzeko unea da”.

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deskolonizazio prozesu baten beharra azpimarratu du, "Israelgo Estatua desagerrarazi" eta "Ibaitik itsasora arteko Palestina askearen eraikuntza, errefuxiatutako eta erbesteratutako palestinarren itzulera, eta palestinar preso politiko guztien askatasuna" ahalbidetuko duena.