Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen kontzentrazioak antolatu ditu BDZ ( Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak) Euskal Herriak. Palestinar herriko gertaerak salatu eta “justizia eta askatasuna” aldarrikatzea dute xede.
Palestinar herriarekin elkartasunean kontzentrazioak antolatu ditu BDZ Euskal Herriak, Israelen indarkeriaren gorakada salatzeko. Besteak beste, Israelen desinbertsioak egitea, boikota eta estatuari zigorrak ezartzea babesten du taldeak.
Datozen asteetan Iruñea, Bilbo, Donostia eta Gasteizen egingo dira mobilizazioak. Iruñeako udaletxean izango da lehena, astelehenean, 18:30ean. Bilbon, elkarretaratzea asteartean Areatzan egingo dute, 20:00etan. Donostian, egun berean, Bulebarrean, 19:30ean. Azkenik, Gasteizen, manifestazioa asteazkenean egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etan.
"Egoera jasanezina da"
“Oso kezkatuta” agertu dira taldeetako kideak Israelgo armadaren indarkeriak izan duen gorakadarekin. Egoera “sostengaezina” dela azpimarratu dute: “Gazako biztanleek pairatzen duten egoera prekarioak justifikatzen du okupatzaileen aurkako edozein erresistentzia mota”. Halaber, aldarrikatu dute erresistentzia herri zapaldu eta bortxatu orori onartu beharreko “oinarrizko eskubidea” dela.
Azkenik, salatu dute nazioarteko komunitate eta enpresen (CAF, besteak beste) “lankidetza eta konplizitateari” esker ematen direla Palestinako genozidioak, baita herri palestinarraren garbiketa etnikoa ere, “Israelgo estatuarekin elkarlanean aritzen" direlako. Testuinguru horretan, elkarretaratze horiek elkartasun eta protesta kolektibo gisa aurkeztu dituzte, Palestinako herriak “justizia eta askatasuna” lor dezan.