argia.eus
INPRIMATU
Gose greban dauden preso palestinarren eskaerak ukatu egin ditu Israelek
  • 3.000 preso politiko palestinar inguru daude gose greban, Israelek kartzeletako egoera gogortu duela salatzeko, Palestinako Aginte Nazionaleko kide den Issa Qaraqek jakinarazi duenez. Israelgo Gobernuaren ordezkari Jamal al Rojoubek erantzun du presoek lehenik gose greba utzi behar dutela eta astebeteren buruan erantzun bat emango dutela eskakizunen harira.

2011ko urriaren 06a
Neska palestinarra, eskuetan preso baten argazkia duela

Preso palestinarrek zortzi egun daramatzate gose greban kartzeletako egoera gogortzearen aurka protesta egiteko. Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak joan den ekainean agindu zuen preso palestinarren aurkako neurriak gogortzeko, modu horretan palestinarrek Gilad Shalit soldadu israeldarra aska zezaten lortzeko.

2006an bahitu zuten Gilad Shalit Gaza inguruan. Orduz geroztik urteak eman dituzte bere askatasuna negoziatzen, baina ez dira sekula adostasunera heldu. Hamasek mila presoren askatasuna eskatzen du soldadu israeldarraren truke, eta aurre adostasun bat badela zabaldu den arren, xehetasunak adostea falta da.

Hala ere, Israelgo Gobernuak preso palestinarren kartzela egoera okertu izanak, negoziazioak kaltetu ditu eta Hamasek adierazi du horrelako neurriek ekarriko duten gauza bakarra, soldado israeldar gehiagoren bahiketa izango dela.