argia.eus
INPRIMATU
Palestinar bat hil du Israelgo poliziak Zisjordanian
  • Palestinar gazte bat hil da israeldar armadaren tiroz Zisjordania okupatuko Nablus hirian. Sionisten arabera, hildakoak "molotov koktelak" jaurti omen zituen kontrol postu baten aurka, baina Kifl Hariseko alkateak gezurtatu egin du bertsio hori, eta "kalean zihoala tiro egin ziotela" adierazi du.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 10a

Ibrahim Abu Yaqub izeneko 34 urteko gaztea hil dute Israelgo tropek, lepoan tiroa jota. Palestinako Autoritate Nazionaleko Osasun Ministerioaren arabera, Zisjordania iparraldean gobernuaren ospitale batean hil zen, Wafa Palestinako albiste-agentzia ofizialak azaldu duenez.

Gertakaria Palestinako Kifl Haris herrixkan izan zen, Ariel kokagune sionista kolonotik gertu. Israelgo Armadaren (IDF) arabera, "bi gaztek molotov koktelak jaurti zituzten kontrol-postu militarrera"; horren aurrean, Israelgo tropek "tiroz erantzun zuten, eta bietako bat zauritu zuten, besteak ihes egin zuen bitartean". Wafak, dena den, Kifl Hariseko alkatearen bertsioa aipatu zuen, IDFren bertsioa zalantzan jartzen zuena, “gazteei kalean zebiltzala tiro egin zietela” argudiatuz.

Abu Yaquben heriotza, gainera, uztailaren 1ean jazo zen, Israelgo Gobernuak Zisjordanian lurraldeak anexionatzen hasteko ezarritako egunean. Balizko anexio hori, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa dela gogorarazi dute estatu ugarik. Palestinarrek ere errefusatu egin dute: iragan asteko asteazkenean protesta masiboak egin zituzten Gazan eta, neurri txikiagoan, Zisjordanian.