Bakartze zigorrak etetea, bisita gehiago izatea eta atxiloketa administratiboak ez berritzea onartu du Israelek. Horren ostean, Palestinako 2.000 preso inguruk gose greba amaitzea erabaki dute eta garaipen bezala hartu dute Israelen pausoa. Akordioa Egiptoren bitartekaritzari esker onartu dute. Issa Qaraqe Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) Espetxe Gaietarako ministroak, Saleh Arouri Hamaseko kideak eta Tel Avivek baieztatu dute albistea.
Lortutako akordioaren bitartez atxiloketa administratiboaren sei hilabeteak bete dituztenak aske geratuko dira" adierazi du Sivan Weizman Espetxe Erakundeen bozeramaileak. Horrez gain, isolamenduan egon diren presoen egoera aldatu eta bisita gehiago jasotzeko eskubidea izango dute. "Oraindik argitzeko gauza asko daude, batez ere atxiloketa administratiboaren harira" esan du Sahar Francis Adameer preso palestinarren elkarteko kideak.
Israel eta Palestinaren arteko akordioa igandean eskuratu zuten negoziatzaileek. Zehaztutako akordio atzo presoei helarazi zieten eta hauek oniritzia eman zioten.
Gose grebak iraun duen bitartean preso Palestinarren egoera larria salatzeko protestak ugaritu egin dira. Osasunaren Mundu Erakundeak presoen osasun egoeraz arduratuta dagoela jakinarazi du. Horrez gain, presoen egoera salatzeko egindako protesten inguruan Nazio Batuen Erakundeak Palestinan duen agintari Maxwell Gaylardek, presoei elkartasuna adierazteko egindako protesta baketsuak begi onez hartu ditu.