argia.eus
INPRIMATU
Palestinako ordezkaritza olinpikoaren uniformeak aduanan atxiki ditu Israelek
  • Palestinako ordezkaritzak eskutitz bat helarazi dio Nazioarteko Olinpiar Batzordeari, uniformeak bidaltzeko laguntza eske, Telesur-ek jakinarazi duenez.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko abuztuaren 04a
Atleta palestinar bat, Londresko Olinpiar Jokoetako proba batean. [Argazkia: NBO]

“Ez dugu jantzirik irekiera jaialdirako. Iruditzen zait gainean dugunarekin joan beharko dugula”. Atsekabetuta dago Palestinako olinpiar delegazioaren buru Ghayda Abuzazayyad. Rioko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldirako 48 orduren faltan, palestinarren uniformeek Israelen eskuetan jarraitzen dute.

Txinako Peak enpresak egin ditu uniformeak, eta Riora abiatu aurretik Palestinara bidaltzean atxiki dituzte. Palestinako Olinpiar Batzordeak eskutitza helarazi dio Nazioarteko Olinpiar Batzordeari: “Peak enpresak uniformeak zuzenean Riora bidali ditzaken galdegin dugu, baina horrek prozesua luzatuko lukeela azaldu digute batzordeak eta enpresak”, zehaztu du Abuzazayyadek.

Brasilen bertan erropa erosi eta Palestinako bandera jartzea aztertzen ari dira. Bien bitartean, Jokoetan parte hartuko duten sei atleta palestinarrak entrenatu ezinik daude. Olinpiar Jokoek dirauten bitartean, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ordainduko ditu euren gastuak.