Beasaingo CAF Palestinako lurralde okupatuetan tren proiektu bat egiteko kontratu israeldar batean ari da lanean, eta horrek Europako esparruan euskal enpresari boikot egiteko eskaerak ere eragiten ditu. Eusko Jaurlaritzari ere proiektuok baztertzeko eskatu diote CAFeko akziodunen batzarraren egunean.
Albistea gaztelaniaz eman du ahotsa.info-k eta ARGIAk euskarara itzuli du.
Ekainaren 5ean, larunbata, CAFeko akziodunen batzarra izan dela baliatuta, ‘CAF, Israelgo apartheidaren trenetik jaitsi’ koalizioan bildutako hainbat elkartek elkarretaratzea egin dute Beasaingo CAFen egoitzaren aurrean.
Akziodunen batzarra dela eta, gutunak helarazi dizkiete Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuari eta María Ainhoa Ondarzabal Izaguirre Eusko Jaurlaritzako enpresak nazioartekotzeko agentziaren zuzendariari. Eskatu diete haien rolak baliatzea, alegia, gobernuko ordezkariak izanda eta CAFeko bazkide izanda, enpresak utz diezaion Palestinako lurralde okupatuetan lan egiteari.
Duela bi hilabete, Amnesty Internationalek gutun bat bidali zien CAFeko akziodunei, proiektua legez kanpokoa zela jakinarazteko eta akziodunen batzarrean zuten eragina erabiltzeko, zuzendaritzari proiektua bertan behera uzteko eskatzeko.
Bestalde, Norvegiako zortzi sindikatuk CAFi boikota egitea eskatu dute. Eta Europa osoan kanpaina bat dago, erakunde publikoei CAF kontratatzeari uko egiteko eskatzen diena, harik eta palestinarren giza eskubideak errespetatzen dituen arte eta JLR (Jerusalem Light Rail) enpresan parte hartzeari uzten dion arte. 2019ko abuztuan, CAF trenbide-enpresak eta Shapir enpresa eraikitzaile israeldarrak gidatutako enpresa-partzuergo bat hautatu zuen Israelgo Finantza Ministerioak Palestinako lurralde okupatuan legez kanpoko koloniak lotzen dituen tren-sarea hedatzeko, Jerusalemgo tren arina (JLR) izenaz ezaguna.
Duela gutxi, Norvegiako Bankuak Mivne Real Estate KD eta Shapir Engineering and Industry enpresak gobernuaren pentsio-funtsetik kanpo uztea erabaki du, azken hori CAFeko bazkidea delako, eta Palestinako lurralde okupatuetan egiten dituzten jarduerengatik giza eskubideak urratzen laguntzeko arriskua dagoelako.