argia.eus
INPRIMATU
Palestinako kolonizazioa nazioarteko legediaren aurkakoa dela ebatzi du Nazioarteko Justizia Auzitegiak
  • NJAk dio Israelek Palestinako lurralde okupatuetan duen presentzia “lurrak anexionatzea” dela, eta “ahalik eta azkarren” amaitu behar dela. Erabakia ez da loteslea.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 22a
Argazkia: France24

Nazioarteko Justizia Auzitegiak iragan ostiralean ebatzi du Israelek Zisjordanian eta Jerusalem Ekialdean dituen koloniak nazioarteko legediaren aurkakoak direla, eta baita haiei lotutako erregimena ere. “Ahalik eta azkarren” amaitu behar direla adierazi du Nawaf Salamek, Hagako Auzitegiko presidenteak, baina erabakia ez da loteslea, eta Israelek nazioarteko ebazpen ugariri ez ikusiarena egin die aurretik ere.

Epaileek Israelen politika ugari aztertu dituzte 2022an ikerketa abiatu zutenetik, horien artean Zisjordanian eta Jerusalem Ekialdean koloniak eraiki eta zabaltzea, zonaldeko baliabide naturalen erabilera, lurraldeak anexionatu eta kontrol iraunkorra ezartzea edota palestinarren aurkako politika baztertzaileak sustatu izana. Guztiak dira nazioarteko legediaren aurkakoak, ebatzi dutenez.

NJAk dio Israelek ez duela aginterik lurralde horiengan, indarrez ari dela lurrak bereganatzen eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea ukatzen. Auzitegiak ohartarazi du palestinarrak beren lurretatik kanporatu dituela Israelen okupazioak. Gaineratu du “erreparazio osoa” eman behar diela estatu sionistak 1967tik hona kanporatutako palestinarrei.

Benjamin Netanyahu lehen ministro sionistak adierazi du “gezurrez betetako erabakia” dela, egia desitxuratzen duena, eta “Juduak ez direla okupatzaileak haien lurretan”. 2022an eskatu zuen Nazio Batuen Batzar Orokorrak NJAren iritzia, eta orain heldu da ebazpena.

Okupazioa ez lagundu

Loteslea ez bada ere, auzitegiak adierazi du beste herrialdeak behartuta daudela Israeli laguntzarik ez ematera okupazioa mantentzen. Israelek kolonia berrien eraikuntza berehala eten behar duela agindu du, eta orain arte eraikitakoak kendu behar dituela. “Indar okupatzaile gisa duen estatusaren gehiegikeriak” direla salatu du NJAk. 700.000 kolono inguru bizi dira egun lurralde okupatuetan. 160 kolonia inguru eraiki ditu Israelek mende erdian, eta azken urteetan nabarmen igo du kolonizazio prozesuaren erritmoa.

Israelek 1967ko gerran okupatu zituen Zisjordania, Gazako Zerrenda eta Jerusalem Ekialdea. Ordutik koloniak eraiki eta okupazioa izugarri areagotu du, eta kontrol militarra dauka zonalde osoan. 2005ean Gazako koloniak hustu zituzten, baina beste bi zonaldeetan kolonoen presentzia handia dago. NBEak eta munduko herrialdeen gehiengoak okupatutako lurtzat hartzen ditu lurraldeok.

Palestinako Atzerri ministroak esan du “inflexio puntua” dela NJAren erabakia, “Palestinarentzako, justiziarentzako eta nazioarteko legearentzako”. Adierazi du munduko herrialde guztiek bete beharko luketela auzitegiak agindutakoa, “ez laguntzarik, ez babesik, ez konplizitaterik, ez dirurik, ez armarik, ez merkataritzarik, ez ezer”. Palestinak NBEan duen enbaxadoreak esan du ebazpena pauso garrantzitsua dela okupazioa amaitzeko eta Palestinaren eskubideak berreskuratzeko: autodeterminazio eskubidea, estatu izateko eskubidea eta itzultzeko eskubidea.