argia.eus
INPRIMATU
Palestinako gose greba erraldoia: osasun galerak presoengan eta liskarrak kaleetan
  • Gose-greban dirauten preso palestinarren osasuna okerrera egiten ari da, eta Preso Palestinarren Elkarteak Marwan Barghouti al-Fatahko buruaren kasua azpimarratu du. Grebarekin batera protestak areagotzen ari dira kalean, eta al-Fatahk “amorru” eguna deitu du ostiralerako.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 26a
Marwan Barghoutiren kaleratzea eskatzen duen murala Palestinako bereizketa hesian.

Apirilaren 17an hasi zuten 1.600 preso politiko palestinarrek gose-greba beren espetxeko baldintzak hobetu zitzaten. Hasieran al-Fatahk hasi bazuen ere gose greba, ondoren beste preso ugari batu ziren grebara. Hain zuzen al-Fatahko buru Barghoutiren osasun egoeraz ohartarazi du Preso Palestinarren Elkarteak, eta Al-Jazeerak eta Ma'an berri agentziak jaso dute albistea, besteren artean.

Presoen Aferarako Batzorde Palestinarrak ohartarazi du hainbat preso ospitaletara mugiarazi dituztela osasun galera dela eta. Barghoutiren kasuan, medikuen artatzea jasotzeari uko egin diola eta tratamendua jaso dezan presio egin diotela azaldu du Batzordeak.

Israeleko Espetxe Zerbitzuak esan du ez duela osasun kalterik igarri presoengan. Kontrara, Espetxe Zerbitzuak gose-greban dauden presoak moduluz mugiarazi dituztela, arropak eta norberaren gauzak konfiskatu dizkietela, abokatuen bisitak oztopatzen dituztela eta grebaren buruak —tartean Barghouti— isolatu egin dituztela salatu du Batzordeak.

Protestak kaleetan

Gose-grebak aurrera egin ahala tentsioa ere haziz doa kaleetan. Greban ari diren presoekiko elkartasuna adierazteko mobilizazio ugari egin dituzte, eta asko palestinarren eta Israeleko segurtasun indarren arteko talkatan amaitu dira. Al-Fatah mugimenduak greba orokorra eta “amorruaren eguna” deitu du ostiralerako. Zabaldu duen komunikatuan, “okupazio indarrei aurre egiteko” deia zabaldu die palestinar guztiei.

RTk grabatutako bideoa: