Palestinarekin Elkartasuna plataformak osteguna, ostiral eta larunbatean eginen ditu protestak, Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean. Gernika-Palestina-k ere manifestazio nazionala antolatu du larunbaterako Donostian. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ostiralerako ezarri ditu hitzorduak hainbat herritan. Gure Haurrak ere Badira egitasmoak astelehenerako jarri du mobilizaziorako deia.
970 hildako 48 orduz Gazan. Tregoa hautsi du Israelek eta 2023ko urriaren 7az geroztik bideraturiko erasoaldi handiena egin du Gazako zerrenda osoan: 48.577 hildako izatetik 49.547 izatera pasa dira bi egunez. Martxoaren 19an Gazako Osasun Ministerioak plazaraturiko datuak dira. Hori horrela, estatu sionistak Palestinan martxan duen genozidioa salatzeko hitzordu andana egonen da ondoko egunetan Euskal Herrian zehar:
Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean eginen ditu mobilizazioak Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Ostegunean, Gasteizko Andre Mari Zurian, Bilboko Arriagan eta Donostiako Bulebarrean izanen dira protestak, 19:00etan lehen bietan eta 19:30ean azkenean. Ostiralean, berriz, Iruñean jarri dute hitzordua, 18:30ean Baratxurien Plazatik abiatuta, eta larunbatean, 13:00etan Altsasun, udaletxe aitzinean.
Israelek Gazaren aurkako bonbardaketei berriz lotu izana salatzeaz gain, Zisjordanian indartzen ari den erasoaldia salatuko dute. Hastapenetik plazaraturiko aldarriak entzunaraziko dituzte beste behin: "Herri palestinarrari eta bere erresistentziari elkartasun irmoa adieraziko diogu, eta Israelgo estatu genozida eta konplize guztiak salatuko ditugu, baita Euskal Herritik ematen diren konplizitateak ere. Izan ere, horiek guztiak entitate kolonialaren existentzia eta egungo genozidioa gertatzea ahalbidetzen dute".
Israelen erasoen aurrean, euskal jendartetik eman beharreko erantzuna "ezinbestekotzat" jo eta manifestazio nazionala antolatu du Gernika-Palestina herri ekimenak. Larunbatean Donostiako Bulebarrean elkartuko dira, 17:30ean, Genozidioa stop! Israel, su etena orain! lelopean. Genozidioa bukatu dadila exijituko dute, nazioarteko komunitateari eskaera zehatz batzuk luzatuta: "Baliabide guztiak erabilita, Israel behartu dezala nazioarteko erabakiak behingoz betetzera, eta su etenaren bidera itzultzera, Palestinako herriaren eskubideak bermatze aldera; hau da, Palestinak justizia, lurra eta bakea izan ditzan".
Orotara hamasei herritan jarri du hitzordua Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ostiral arratsalderako: Gipuzkoari dagokionez, Errenterian, Arrasaten, Azkoitian, Azpeitian, Beasainen, Bergaran, Tolosan, Zarautzen, Zestoan; Bizkaian, Durangon, Galdakaon eta Gernikan; Araban, Mungian; Lapurdin, Baionan eta Nafarroan, Lizarran eta Garesen. EHKSk aldarritzat hartu du Israel estatu terrorista! Palestina askatu!. Karrikak hartu eta estatu sionistaren izaera genozida salatzeko beharra azpimarratu du EHKSk.
Palestinarekiko elkartasunean eta bereziki haur palestinarren defentsan urgentziazko kontzentrazioak antolatzeko deia luzatu du Gure Haurrak ere Badira ekimenak. Hitzordua eskola eta institutu guzien aitzinean jarri dute, astelehenerako, eskolak hasi aitzin edo ondotik. Ondokoa irakurri daiteke bidalitak deialdian: "Ezin gara isilik geratu. Ezin dugu basakeria hau normalizatu. Erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabatzat hartu, guraso horiek gure arreba-anai bezala sentitu eta lau haizetara oihukatu behar dugu: aski da! Gure gobernu eta erakundeei genozidio honen aurka argi eta tinko posiziona daitezela eskatzen diegu. Euskal herritarrok sarraski honen konplize izan ez gaitezen neurriak har ditzatela".