Azaroak 20an, Haurren Nazioarteko Eguna, ikastetxe sarreretan krespoi belzdun bandera palestinarra eta bi zapata pare jartzea proposatu du hezkuntza arloko ekimen herritarrak. Azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean haur palestinarrentzako elkartasun mezuak jaso eta ondoren Palestinara helaraziko dituzte.
Pasa den ikasturteansortu zen Gure Haurrak Ere Badira mugimendua, Palestinako genozidioa geldiarazteko Euskal Herriko hezkuntza komunitatean indarrak biltzeko asmoz, Palestinako haurrak “gure haurrak ere badirela” aldarrikatzeko. Euskal Herriko zenbait guraso elkartek, ikastolek, sindikatuk eta Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak (EHIGE) osatzen dute taldea.
Palestinan gertatzen ari denak “hunkituta” hainbat ekimen jarriko dituzte martxan Euskal Herriko ikastetxeetan.
Azaroaren 20an, Haurren Nazioarteko Egunean egingo dute lehengoa. Ikastetxe sarreretan krespoi beltza duen bandera palestinar bat eta bi zapata pare jartzea proposatu dute. Ikastetxe bakoitzeko irudiak eragilearen posta elektronikora bidaltzea eskatu dute (gurehaurrak@gmail.com). Irudi horiek Gure Haurrak Ere Badiraren sare sozialetan zabalduko dira.
Bigarrena, berriz, azaroaren 30etik urtarrilaren 31ra bitartean egongo da martxan. Palestinako haurrei elkartasun mezuak idazteko aukera izango dute Lehen Hezkuntzako zein Bigarren Hezkuntzako ikasleek.
Antolatzaileek iragarri dutenaren arabera, haur eta nerabeek, bakarka edo taldeka, ikasgelan zein etxean, mota ezberdinetako gutunak idatzi ahal izango dituzte. Marrazkiak, bertsoak, poemak, kantuak eta abar. “Dena baliagarria” dela azaldu dute.
Urtarrilaren amaierara arte jasotako mezu guztiak bi bidetatik helaraziko dituztela azaldu du ekimen herritarrak. Batetik, mundu mailako elkartasun mezuak biltzen dituen Letters for Palestinian childhoods elkarte ingelesaren bidez, eta bestetik, Mundubat fundazioaren bitartez.
Norbanako orok, sortutako mezuen edo lanen argazkiak bidali nahiko balitu, helbide honetara bidali ditzake: gurehaurrak@gmail.com. Lan bakoitzari egilearen edo ikastetxearen izena eta herria gehituta.