Erresuma Batuko Barne ministroak Suella Bravemanek bandera palestinarra astintzea “ordena publikoko delitutzat” har daitekeela adierazi du. “Israel mundutik ezabatuta ikusteko gogo bortitzaren adierazpen" gisa uler daitekeela uste du Bravemanek.
Bandera palestinarra astintzea “irain kriminaltzat” hartzea agindu dio Poliziari Erresuma Batuko Barne ministro Suella Bravemanek. Poliziaburuei bidalitako komunikatu batean “testuinguruaren garrantzia” azpimarratu du Bravemanek: "Egoera jakin batzuetan zilegi izan daitezkeen jokabideak, hala nola bandera palestinar bat erakustea, baliteke ez izatea terrorismo-ekintzak loriatzea denean".
Halaber, adierazi du ekintza hau “Israel mundutik ezabatuta ikusteko gogo bortitzaren adierazpen” gisa uler daitekeela. Barne ministroak segurtasun kideei eskatu die “irizpide bera” aplikatzea Israelen aurkako manifestazioetan svastikak egotearen aurrean.
Kritika zuzenak egin dizkio eskaera horri Lorden Ganberako kide eta giza eskubideetan aditua den Shami Chakrabartik: “Poliziaburuek euren botereak eta erantzukizunak ezagutzen dituzte, eta une zail hauetan egiten duten lana politizatzeak ez du komunitate ahulen segurtasuna bermatzen”.
Bravermanen eskaeraren aurrean asko dira kritiko agertu diren herritarrak eta hainbatek Israelgo enbaxadaren aurrean manifestazioa egin dute, Palestinako banderak eskuan zutela. Egoera honen aurrean, barne ministroak bere “kezka” adierazi du.
Manifestari batek bandera ordezkatu du
Sheffield Kontseiluak Britainia Handiko Gobernuaren agindupean Israelgo bandera jarri du Gaza bonbardatu ostean. Manifestari bat, ordea, udaletxearen eraikinera igo da eta palestinar bandera jarri du haren ordez, jendetza txaloka ari zela. Ondoren, ihes egitea lortu du. Egoera horren aurrean, Bravermanek Poliziari eskatu dio “legearen indar osoa” erabiltzea.
Israelgo herritarrek eta jarraitzaileek ere manifestazioa egin dute Downing Streeten. Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunak sinagoga batean izan zen egun berean, Israeli babesa emateko. Sunakek nabarmendu du Hamas “erakunde terrorista debekatua” dela, eta “inork ez lukeela babestu behar, horretan dihardutenek, legearen aurrean erantzun dezatela ziurtatuko dutela". Poliziak gida "oso argia" eta gobernuaren aholkuak dituela gehitu du, "legez kanpoko edozein jardueraren aurka jarduteko”.