argia.eus
INPRIMATU
Palestinako alderdi nagusiek batasun gobernurako akordioa lortu dute Txinan
  • Hamas, Fatah, Palestina Askatzeko Herri Frontea, Palestinako Jihad Islamikoa eta beste hamar taldek hitzarmena sinatu dute, genozidioa amaitu ostean “Palestinako lurralde guztien” gaineko agintea izateko. “Okupazioaren aurka borrokatzeko” eskubidea dutela gogorarazi dute.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko uztailaren 24a

Palestinako hamalau fakzio nagusiak adostasunera heldu dira Palestinako lurretan behin behineko batasun gobernua ezartzeko. Azken hiru egunetan Txinan aritu dira negoziaketetan, eta astearte gauean eman zuten aditzera akordioa. “Nazioa adiskidetzeko” hitzarmena dela esan du Txinako Atzerri ministroak. Txina, Errusia, Egipto eta Aljeria aritu dira fakzioen arteko bitartekari lanetan.

Hamas eta Fatah talde nagusiek sinatu dute, eta beste hamabi taldek ere bai, haien artean Palestinako Jihad Islamikoa edo Palestina Askatzeko Herri Fronteak. Palestinako Nazio Ekimena da beste sinatzaileetako bat, eta Mustafa Barghouti PNEko idazkari nagusiak esan du aurreko urteetan lortutako edozein akordio baino “askoz urrunago” doala oraingo adostasuna. Bereziki garrantzitsua da batasuna lortu izana, Barghoutiren esanetan, Israel saiatu izan delako palestinarren artean “egitura konplizeak” sortzen, Palestinaren interesen aurka egin dutenak. “Saiakera horiek oztopatuko ditu” akordio honek, adierazi duenez. Alderdi guztiek aldarrikatu dute Palestinak “okupazioaren aurka borrokatzeko” eskubidea duela, nazioarteko legean jasota dagoena, gainera.

Hitzarmenaren ezaugarri nagusiak dira behin-behineko batasun nazionaleko gobernua ezartzea, eta lidergo palestinar bateratua osatzea etorkizuneko hauteskundeetarako. Bestalde, hauteskunde libreak egiteko asmoa azaldu dute, berriz hautatzeko Palestinako Batzorde Nazionala. Horrez gain, “elkarlanaren bidez” Israelen erasoei modu bateratuan aurre egitea adostu dute, eta Gazara laguntza humanitarioa sartzen dela ziurtatzeko lankidetza ere sartu da hitzarmenean.

Aspaldiko zauriak sendatzera

Hamas eta Fatahren arteko harremanak gaiztotuta egon dira 2006an batasun gobernua osatzeko saiakerak porrot egin zuenetik. 2007an Hamasek Gazaren kontrola bereganatu zuen, hark irabazi baitzituen hauteskundeak. Gatazka bortitzak izan ziren banaketa horretan, eta hurrengo urteetan hainbat saiakera egin dira bi aldeak elkartzeko, baina arrakastarik gabe. Inflexio puntu garrantzitsua da horregatik lortu berri den akordioa.

Israelgo Gobernua akordioaren aurka agertu da, eta adierazi du Hamas suntsitu egingo dutela. Lehenago palestinarren batasuna lortu denetan ere oso gogor egin du Israelek horien aurka, AEBen laguntzarekin. Palestinako fakzioak banatu eta batzuk besteen aurka hauspotzeko lanak ezagunak izan dira azken hamarkadetan.