argia.eus
INPRIMATU
Palestinak segurtasun hitzarmenak moztu ditu Israelekin eta AEBkin
  • Palestinako Autoritate Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek Israelekin eta AEBkin zituen “akordio guztiak” bertan behera utziko dituela jakinarazi du. Erabakia Israelgo Estatuak Zisjordaniako zenbait lurralde okupatzeko asmoa azaldu eta gero hartu du.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 21
Mahmud Abbas Palestinako Autoritate Nazionaleko presidentea. Argazkia: Aurora Israel.

“Gaurtik aurrera, Palestinako Askapenerako Erakundea eta Palestinako Estatua absolbituta geratzen dira AEBtako eta Israelgo Gobernuekin izandako akordioetatik, eta akordio horiek zekartzaten betebeharretatik, segurtasuna barne”, adierazi du Abbasek. Israelgo Estatuaren esku geratu da, beraz, lurralde okupatuetako palestinarren segurtasuna.

Ez da Palestinak akordio horiek bertan behera uzteko asmoa erakutsi duen lehen aldia. Apirilean Israel nazioarteko justizia auzitegietara eramango zuela adierazi zuen Palestinak, Zisjordaniako lurraldeak okupatzeko asmoz jarraitzen bazuen. Eta horrela egin zuen maiatzaren 19an, Netanyahuk bi egun aurretik bere asmoak berretsi eta gero.

“Anexioa” edo okupazioa

Igandean eratu zen Israelgo Gobernua. Netanyahu eta Gantz, bi alderdi nagusietako buruak dira gobernuburu; hamazortzi hilabetez bata eta beste hemezortziz bestea. Netanyahuk estreinatu du aginte aulkia, eta horrekin batera Zisjordaniako lurralde berriak okupatzeko asmoa ere bai. Netanyahuk uztailaren 1ean du asmoa “Zisjordaniaren subiranotasunaren harira, AEBkin sinatutako akordioa” bozkatzeko.

“Gerra krimen berri bat” izango litzatekeela adierazi dio Liga Arabiarrak. Bat etorri dira Europar Batasuna eta Nazio Batuen Erakundea; nazioarteko legea onartu eta anexioak uzteko eskatu baitiote Gobernuari.