Palestinak estatu izaera hartu nahi du Nazio Batuen Erakundean (NBE). Boto eskubiderik lortuko ez duen arren, gainerako eskubide guztiak eskuratu nahi ditu Palestina Askatzeko Erakundeak (PAE). 1974ean NBEak herri palestinarraren ordezkari gisa onartu zuen PAE. Eskaeraren data gaur zehaztuko dute Kairon egingo den bilera batean. Al-Fatah alderdi palestinarrak adierazi du beranduenez azaroaren 29an egingo duela eta itxaropentsu azaldu da.
Iazko irailean 23an egin zuen Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) presidenteak lehen eskaera. Segurtasun Kontseiluan desadostasunak egon ziren eta ez zuten ebazpenik lortu. Baina orain itxaropentsu daude palestinarrak, erabakia ez baitu Segurtasun Kontseiluak hartuko, NBEren Batzar Nagusiak baizik. Babes zabalagoa jasotzea espero dute.
AEB eta Israel ez daude Palestinak pauso hori ematearekin ados. Barack Obamak dio Ekialde Hurbilean bakea lortzeko konpromisoa hartu nahi duela, baina elkarrizketaren bidez. Mohamed Shtayeh Al-Fatah alderdiko kideak adierazi du Israelek eta AEBk eskatzen duten “baldintzarik gabeko” negoziaziorik ez duela onartuko, aurretik izan direnak “ezertarako balio izan ez dutelako”.
Israelek Zisjordaniako eta Jerusalem Ekialdeko koloniak utzi arte Palestinak ez duela eztabaida hasiko adierazi du Shtayehek. Horren harira, Haaretz egunkari palestinarrak azaldu du Israelgo Gobernuak Zisjordanian 538 etxe eraikitzeko plana onartu duela.
Ebazpena ez aurkezteko “presio handia” jasaten ari bada ere, aurrera jarraituko duela adierazi du Abbas presidenteak.