argia.eus
INPRIMATU
Israelek armak Palestinan probatu ostean saltzen dituela erakutsi du ikerketa batek
  • Israelen ekoiztutako teknologia militarraren eta segurtasun-teknologiaren hiru laurdenak esportatu egiten dituzte, eta euren markari “balioa eransteko” armak “konbatean probatuta” daudela ziurtatzen dute; Palestinako lur okupatuetan probatuta, alegia.

Leire Artola Arin 2022ko urriaren 04a
Israel Gaza bonbardatzen, 2021ean. / Argazkia: Eitb.

Espainiako Estatuak arma hauek erosten dizkie Israelgo hiru enpresari, besteren artean: mortero bonbak, Spike misilak, lurreko ibilgailuen dorretxoak, tankeetarako munizioa eta droneak. Espioitzarako softwareak ere bai, Pegasus programa, kasu. Israelek horiek guztiak nazioartean saltzeko erabiltzen duen estrategia da “konbatean probatuta” daudela baieztatzea. Horixe ondorioztatu dute Ainhoa Ruiz eta Alejandro Pozo ikerlariek, Konbatean probatutako negozioak. ‘Made in Israel’ marka esportatzea okupazioa mantentzeko eta injustizia normalizatzeko ikerlanean.

Astelehenean argitaratu dute lana, Centre Delàs d’Estudis per la Pau-en, Bartzelonako Udalak eta Generalitateak finantzatutako erakunde independentean, Eldiario.es-ek jaso duenez. Egileek salatu dute Israelek “konbatean probatutako” marka erabiltzea arrazoi nagusia dela gaitzesteko material horren produkzio, erosketa eta erabilera oro, baita kolaborazio oro ere.

Palestinarren zapalkuntza, balio erantsia emateko

Israelek saltzen dituen armak palestinarrekin probatzen dituzte, ikerketaren arabera: “Palestinak, batik bat Gazako zerrendak, urteak daramatza Israelgo material militarra probatzeko laborategi bihurtuta. Halaxe defendatzen dute autoritate israeldarrek, eta horrekin publizitatea egiten dute produktu horiek saltzen dituztenek”.

Ikerlariek ohartarazi dute balio erantsi gisa erabiltzen dutela “konbatean probatua” marka, eta armak Palestinako lurralde okupatuetan eta herritarrekin probatuta egotea nazioarteko salerosketak areagotzeko erabiltzen dutela. Gogorarazi behar da Israelek munduko industria militarrik indartsuenetakoa duela, eta zibersegurtasun sektorea ere aurreratua du, beste herrialdeekin alderatuta.