argia.eus
INPRIMATU
Palestina eta Israel bake elkarrizketetan berriro
  • Israel eta Palestinako ordezkariek bakerako elkarrizketei ekingo diete gaur Washingtonen. Prozesu hori bultzatzeko keinu gisa, Israelek 104 preso palestinar askatzea erabaki du. Askatuko dituztenak kartzelan “urte asko” bete dituzten presoak izango badira ere, oraindik ez dute zabaldu izen-abizenik.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko uztailaren 29a
Emakume palestinar bat Israeldarrek hainbat urtez erabilitako kartzelaren atarian (Argazkia:Suhaib Salem)

Askapena “erabaki mingarria” dela aitortu du Netanyahu Israelgo Lehen Ministroak baina, “bake prozesua berritu” behar dutela uste du. Bere hitzetan: “Batzuetan, iritzi publikoaren aurkako erabakiak hartu behar dira, estatuarentzat garrantzitsua denean”. Hamahiru ministroren aldeko bozekin onartu da erabakia, zazpik kontra bozkatu dute eta bi abstenitu egin dira.

New York Times-ek herrialde bakoitzeko funtzionario anonimo banaren adierazpenak bildu ditu. Israeldarraren arabera, “elkarrizketa politikorako konfiantza sustatzea” da neurriaren helburua. Palestinarraren aburuz aldiz, “urteko lorpenik garrantzitsuena da”.

Orain arte trukean

Orain arte bahitutako soldaduen edota gorpuen truke soilik askatu ditu Israelek preso palestinarrak. Azkenekoz, 2011ko urrian, 1.027 lagun askatu zituen Netanyahuk zuzendutako Gobernuak, bost urte bahituta zeramatzan Gilad Shalit soldadu israeldarra aska zezaten.