“Palestina eta Israelen arteko gatazkan bakea bultzatzeko tresna” izan daitekeela eta, Diputatuen Kongresuak aho batez eskatu dio Espainiako Gobernuari Palestinako Estatua aitortzeko, legez besteko proposamen baten bidez.
Asteartean bozkatu dute proposamena Kongresuan, baina bozek ez dute balio loteslerik eta ez dute zehaztu Palestinako Estatuaren mugak zeintzuk diren. 319 aldeko bozka, aurkako bi eta abstentzio bakarra izan dira, azkeneko hirurak PPko diputatuenak.
Azken asteetan Palestina estatu gisa aitortu duen hirugarren parlamentua da espainiarra, Erresuma Batuaren eta Irlandaren atzetik. Gaur arte Palestina estatutzat hartu duten Europako herrialdeak zerrendatu ditu La Vanguardiak.
EBk Palestinaren subiranotasuna aitor dezan bultzatzeko ere eskatu dio Kongresuak Gobernuari, baina “Israelen kezka, interes eta helburu legitimoak” kontuan hartuta. Izan ere, proposamenaren testuan Israelentzat “traba” diren paragrafoak ezabatzeko eskatu zuen aurrez Moncloak.
Hilaren 28an Frantziak antzerako proposamen bat bozkatuko du Asanblada Nazionalean, El Paisek jaso duenez.
Zisjordanian tentsioa goraka
Jerusalemgo sinagoga batean izandako hilketan sei pertsona hil dira asteartean. Errezatzen zeuden lau judu hil dituzte bi palestinarrek, eta ondoren poliziak tiroz hil ditu horiek ere.
Palestina Askatzeko Herri Fronteak (PFLP) bere gain hartu du sinagogako erasoa.
Zisjordanian hainbat eraso izan dira azken asteetan, eta horrek tentsioa areagotu du. Itzjak Aharonovich Israelgo Barne Segurtasuneko ministroak esan du “terroristen aurka burdinazko eskua” erabiliko dutela, eta atzo erasotzaileen etxebizitzak suntsitzeko eta senideak atxilotzeko agindua eman zuten.
PFLP-k eraso hau “mendeku ekintza” bat izan dela aldarrikatu du. Igandean urkatuta agertu zen autobus gidari palestinar bat, eta autopsiak bere buruaz beste egin zuela esan arren, forentseak “itotze aztarnak” aurkitu zizkiola baieztatu zuen. Gidaria kolono judutarrek hil zutela uste du bere familiak.